DIPUTAZIOAK emandako datuen arabera Hernaniko bulegoan 6.102 errenta aitorpen egin dira modu mekanizatuan. Bulego honetara Andoain, Lasarte eta Urnietatik ere etortzen dira errenta aitorpena egitera. Errenta aitorpena egiteko epea ekainaren 26an bukatzen da.
Modu mekanizatua
Modu honetan errenta aitorpena egiteko ordua eskatu behar da aldez aurretik. Ordua eskatzeko epea ekainaren 17an bukatzen da eta 902 100 040 telefonora deituta eska daiteke. Behin ordua eskatuta, bulegora joan behar da. Hernanin Latsunbe Berri auzoko 8-9 zenbakian dago. Bertan norberak egiten du errenta eta behar izanez gero laguntza eskatu daiteke. Hernaniko bulegoan modu mekanizatuan egindako errenta aitorpen hauetatik 5.097k dirua kobratuko dute eta hori dela eta Diputazioak 5.489.375 euro itzuli ditu. Gainerako 1.005ek dirua itzuli beharko dute, guztira 747.613 euro.
Gipuzkoako datuak
Gipuzkoan oraingoz, errenta aitorpena modu mekanizatuan egiteko 129.787 zita erreserbatu dira. Gipuzkoan guztira 100 tekniko daude bulego ezberdinetan herritarrei laguntzeko eta orain arte 84.731 errenta tramitatu dituzte. Hauetatik 69.834k dirua kobratuko dute, guztira 76 milioi euro. Dirua itzuli beharko dutenak aldiz, 14.897 izango dira, guztira 11,4 milioi euro. Beste 7.067 gipuzkoarrek internet bidez egin dute errenta aitorpena. Aholkulari fiskalen bidez 32.993 gipuzkoarrek egin dute errenta aitorpena eta banketxe bidez 20.311k.
Aurreikuspenak
Gipuzkoako Foru Aldundiak aurreikusi du Gipuzkoan kanpaina honetan guztira 352.000 errenta aitorpen aurkeztuko direla: -6.000 paperean (estankoan edo interneten lortu daiteke orria) -15.000 disketean (estankoan edo interneten lortu daiteke programa) -111.000 etxera bidalitako autolikidazioak onartuta. -100.000 aholkurari bidez egindakoak. -13.000 norberak internet bidez eginda.