IGANDEan Etxeratek eta hainbat mendi elkartek sakabanaketaren kontrako mendi erromeria antolatu zuten, Andatzara. Hernanitik 25 bat lagun animatu ziren, bero ikaragarriarekin, Andatza mendira igotzera. Nahiz eta 15 kilometroko ibilbidea bereziki ez oso gogorra izan, beroak erabat baldintzatu zuen ibilbidea eta nola ahala iritsi ziren tontorrera. Guztira 100 bat lagun bildu ziren bertan. Ibilaldia antolatu zuten hainbat herrietako mendi elkartek eta Etxeratek: Orioko Talaimendi, Hernaniko Morkaiko, Astigarragako Zipotza, Añorgako Mendi elkartea eta Usurbilgo Andatza mendi elkarteek eta Zizurkil, Añorga, Andoain, Urnieta, Astigarraga, Hernani, Lasarte, Orio eta Usurbilgo Etxeratek.
Sakabanaketa salatu
Antolatzaileen hitzetan ekimen honen helburua izan da euskal preso politikoen egoera salatzea eta batez ere sakabanaketaren kontra indarrak batzea. Aldarrikapen hau festa giroan egin zen Andatza tontorrean, trikitilari, bertsolari eta kantuekin. Bertsoen artean bazen presoek bidalitakorik eta asmoa izan zen ´espetxe barrukoa eta kanpoko errealitatea elkarrekin harremanetan jartzea` antolatzaileen hitzetan. Mendi erromeria antolatzen dela bigarren urtea da (iaz mendi ibilaldia izan zen) eta datorren urtean egingo duten galdetuta antolatzaileek erantzun dute: ´espero dugu senideak datorren urtean etxean izatea eta horrelakorik egin behar ez izatea`.