bi hilabeteko lanaren ondoren, bukatzear daude Leoka labaderoko obrak. Horrela adierazi diote Hernaniko Kronikari labaderoa berritzen jo eta su lanean aritu diren langileek. San Joanak alderako dena txukunduta eta obra bukatuta egongo omen da. Labaderoa txukuntzeko obretan teilatu osoa berritu dute. Pinuzko estruktura kendu eta haritzezko estruktura jarri dute. Pareta eta teilatua eusten duten zutabeak garbitu egin dituzte. Arraska garbitu eta inpermeabilizatzeko masa-txuri kapa bat jarri diote gainetik, eta itxura ederra hartu du. Harrizko paretean, baldosa moduko batzuk jarri dituzte, harri itxurakoak eta bertan gauerako iluminazioa jarri dute. Arraskaren inguruan ere jarri dute argia. Obra bukatzeko lurra jartzea falta da.
´Berdura garbitzera etortzen ginen`
Leokako labaderoko obrei begira, hara non harrapatu dugun Rosario Goikoetxea, Portun bizi dena: ´Ze polita` esanez begiratzen dio labadero txukunduari. Berehala kontatu dizkigu duela 60 urteko kontuak: nola joaten ziren Leokara berdurak garbitzera: ´Osiñaga eta Portuko erriberetan baratzak izaten ziren orduan eta letxugak hartu eta Leokara etortzen ginen garbitzera`. Leoka ondoan mataderoa ere bazela gogoratzen du Rosariok eta behiak ere izaten ziren kanpoan: ´makina bat gibel janda gaude gu mataderotik` gogoratzen du. Arropa garbitzera ere joaten ziren Leokara: ´Astelehenetan izaten zen jende gehiena; goizeko 06:00etan ez zen hemen lekurik izaten eta arropa ere hemen inguruan zabaltzen genuen`.