Gipuzkoako bigarren erraustegia non jarri aztertu zen atzo, Donostiako Udaleko Bozeramaileen Batzordean. Aukera ezberdinen artean erraustegia Igoin-Azpin jartzea da babes gehien lortzen ari den aukera. Errauste planta non jarri erabakitzeko Donostiako Plan Orokorraren Bulegoak azterketa egin zuen, Donostiako Udalak aginduta, eta hiru leku proposatu ditu: bata, Zubietan dago (Atxulondo-Abalotzen) eta beste biak Landarbason (Larratzen edo Igoin-Azpin). Hiru proposamenen artean Igoin-Azpikoaren alde egin du Donostiako Alkateak, baina, astearteko plenoan bozkatuko dute proposamen hori.
Igoin-Azpiren kokalekua
Igoin-Azpi Landarbason dago eta Hernani, Errenteria, eta Astigarragarekin egiten du muga. Donostiako lurraldearen barruan kokatzen da, nahiz eta erdigunetik urrun dagoen. Aiako Harria parke naturalaren barruko eremua ere bada. Erraustegira iristeko bidea EreƱotzutik joan liteke Erraustegia Igoin-Azpin eginez gero, kontuan hartu behar da hainbat errepide beharko liratekeela zaborra kamioietan bertara eramateko. Donostiako Plan Orokorrak hiru aukera aztertu ditu: GI-3410aren bidez garraiatzea, hau da, Hernanitik Goizuetara dijoan bidetik (pentsa liteke, Usoko-errekako bidetik joango direla Igoin aldera); Astigarraga eta Oiartzun lotzen dituen errepidetik (GI-2132); edota eraikitzeko dagoen bigarren sahiesbidetik.
Erraustegiaren inguruko eztabaidak soka luzea
Erraustegiaren inguruko eztabaidak soka luzea ekarri du, zabortegia itxi egin behar zela eta erraustegia jarri behar zela planteatu zenetik. 2003ko urrian San Marcosek erabaki zuen Urnietan erraustegi bat egitea, hasiera batean eskualderako baina Gipuzkoa osoko zaborra errausteko ere erabili zitekeena. 2004ko urtarrilean Urnietako Udalak proposamen hori atzera bota zuen, besteak beste, kontrako gizarte mugimendu sendo eta zabala sortu zelako (Arnasa Plataforma). Txingudik bere eskualderako erraustegia Gaintxurizketan jarriko zuela erabaki zuen. Hortik aurrera hainbat zurrumurru zabaldu ziren bigarren erraustegiaren kokalekuaren inguruan. Azkenean Aritzetan (Donostian) jarriko zela erabaki zuten Diputazioak eta San Markosek. Donostiako Udalak ez zuen aukera hori onartu eta bere esku geratu zen erraustegiaren kokalekua proposatzea.