300 bat gaztetxo bilduko dira Preludio Txikiko emanaldian

Kronika - Erredakzioa 2006ko eka. 11a, 03:00

Preludio Txikia ekainaren 17an izango da, eguerdiko 13:00etan, plazan. Herriko ikastetxe guztiek abesbatza bakarra osatu dute, eta dantzari eta musikariak ere bertan izango dira.

PRELUDIO Txikia prestatzen ari dira jo eta su egun hauetan herriko ikastetxe guztiak, Kantuz musika eskola, Hernani Musika Eskola eta Ttarla dantza taldea. Izan ere, ekainaren 17an, eguerdiko 13:00etan, Preludio Txikian, batean eta bestean ibiltzen diren 300 bat gaztetxo bilduko dira.

Euskal kantuak, jazza eta doinu brasildarrak

Preludio Nagusian bezala, Preludio Txikian ere estilo ezberdinetako piezak prestatu dituzte. Roberto Pacheco, Hernani Musika Eskolako irakaslearekin hitz egin du Kronikak eta egitarauaren inguruko azalpenak eman ditu: ´Estilo ezberdinetako emanaldiak izango dira, euskal dantza eta abestiak, jazza, doinu brasildarrak eta Sacco eta Vanzettiren martxa, esaterako`. Urtero-urtero hiru pieza errepikatzen dituztela ere aipatu du Pachecok: ´Hernaniko martxa, Mendirik mendi eta San Juan zortzikoa urtero errepikatzen ditugu. Auten Mendirik mendi tonu bat jeitsi dugu ahotsetara hobeto moldatzeko`. Instrumentu aldetik ere bariade haundia izango dela azaldu du Hernani Musika Eskolako irakasleak: ´preludio txikian Musika Eskolan dauden instrumentu gehienak entzun ahal izango dira, txistua, txalaparta, dultzaina, perkusioa, klarinetea, tronpeta, pianoa eta biolina`. Ttarla dantza taldeko 6 eta 7 urteko 15 dantzarik ere bi pieza dantzatuko dituzte.

Ikastetxeak denak elkarrekin abesbatza bakarrean

Herriko ikastetxe guztietako Lehen Hezkuntzako 5 eta 6garren mailako ikasleak denek elkarrekin abestuko dute abesbatza bakar batean. 4 abesti kantatuko ditu abesbatza honek bakarka, baina emanaldiko azkeneko piezak musika instrumentuek lagunduta abestuko dituzte.

Egitaraua

  • Txalapartariak
  • Ttarla dantza taldea, txistulariak eta dultzaineroak
    San Petit dantza (Baztangoa) eta Txulalai (Arabako dantza).
  • Lehen Hezkuntza: 5 eta 6garren mailak.
    Sacco eta Vanzettiren martxa (Enni Morricone) eta Samba Brazil (herrikoia).
  • Trikitilariak
    Fandangoa (herrikoia) eta arin arina (herrikoia).
  • Lehen Hezkuntza: 5 eta 6garren mailak.
    Toko toko tok! (Imanol Urbieta) eta When the saints go marching in (Herrikoia).
  • Abesbatza, akordeoi taldea, banda, txistulariak, teklatu taldea eta biolin taldea.
    Hernaniko martxa, Mendirik mendi eta San Juan zortzikoa.

Preludioa: eguraldiak baldintzatutako ekitaldia

AURTEN 13garren preludioa izango da, aurreneko preludioa 1994an egin baitzen. Garai hartan preludioa martxan jarri zen herriko taldeak elkartu eta festak iragartzeko asmoarekin ekitaldi haundi bat egin nahi zelako. Hala ere, hasi zenetik izan dira urteak, bi, euria medio preludioa bertan behera utzi behar izan dutena. Duela bi urte Preludio Nagusian gertatu zen azkeneko aldiz eta 1996garren urtean ere bertan behera geratu zen arrazoi beragatik.
Hainbeste lan egin ondoren pena izaten da prestatutakoa ezin erakustea.
Aurten, hala ere, euria egiten badu badute alternatiba bat prest: Atsegindegiko plaza. Hala ere, behin betirako alternatiba izango den ez dago argi, espazioz urri samar ibili litezke-eta, baina ikusiko da.
Preludio txikia aldiz, ez da sekula bertan behera geratu, baina iaz sekulako beroa egin zuen eta gurasoak bazter batean, itzalpean, jarri behar izan zuten ekitaldiaz gozatzeko. Kontuan hartu behar da Preludio Txikia ekainean eta eguerdiko 13:00etan izaten dela eta beroak gogor jo dezakeela.

Ostegun gaueko eguraldi iragarpenei adi

Preludiorako erabiltzen den tablado haundia eta 1.000 aulkiak preludio egun berean jartzea ezinezkoa dela kontuan hartuta, eguraldiaren iragarpenak bere biziko garrantzia du. Ruth Martinek azaldutakoaren arabera, preludio aurreko ostegun gauean eguraldiaren iragarpenak begiratzen dituzte eta horren arabera tabladoa leku batean edo bestean montatuko dute. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!