Preludiorako egitaraua prest, iristear dauden San Joan jaiak iragartzeko

Kronika - Erredakzioa 2006ko eka. 11a, 03:00

Preludio nagusia ekainaren 17an izango da, gaueko 22:30etan. Aurten 13garren preludioa izango da eta estilo ezberdinetako piezak entzun ahal izango dira: herrikoak, euskaldunak eta erritmo tropikalak, esaterako.

GERO eta gutxiago falta da San Joanetarako eta urtero bezala Preludioa izango da festa aurreko asteburuan hori gogoraraziko diguna. Aurten 13garrena izango da eta herriko musika talde, abesbatza eta dantzari ugari bilduko dira taula gainean; guztira 250 bat pertsona. Aurtengoan ere denetariko piezak entzun ahal izango dira: herriarekin zer ikusia duten piezak, euskal kantuak eta dantzak eta erritmo tropikalak, besteak beste. Egun horretarako 1.000 aulki inguru jarriko dira taularen aurrean. Zutik ere jende asko izaten da; hortik atera kontuak zenbat herritar bilduko diren egun horretan Gudarien plazan. Preludio Nagusia ekainaren 17an, gaueko 22:30etan izango da, Gudarien plazan. Euria egiten badu, Atsegindegi plazan egingo da.

Prestaketak urritik

Ruth Martin izan da azkeneko 3 urtetan Preludio Nagusiko zuzendari artistikoa. Bere lana da preludioko gidoia idaztea eta emanaldiko pieza guztiei lotura bat ematea: ´abesti bakoitzari ere giro jakin bat bilatu behar zaio. Saiatzen naiz Preludioko emanaldiek bata bestearekin lotura izan dezaten, ez daitezela joan bata bestearen atzetik, besterik gabe` azaldu du. Ruth Martinek azaldutakoaren arabera, Preludio Nagusia prestatzen hasteko urrian egiten dute aurreneko bilera. Entsaioak, talde bakoitzak bereak, otsaila aldera hasten dira, bakoitzak zer jo behar duten jakinda. Denak batera maiatza bukaeran hasten dira entsaiatzen.

Jendea erakarri

Preludioa egin den urte guztietan jende mordoa joan da ikustera eta honi buruz galdetuta Ruth Martinek dio, hau gertatzen dela herriko taldeek egiten duten kontzerturik haundiena delako. Horrez gain taula gainean daudenak herrikoak izateak jende asko erakartzen duela azaldu du eta San Joan usaiean jendea kalera errazago ateratzen dela ere bai.

Preludio nagusiko egitaraua

  • Himno a la sociedad Xalaparta
    Ramon Muguruza/Moldaketa: Txomin Agirregomezkorta. Txistulariak, abesbatzak eta metal boskotea. Zuzendaria: Amaia Sasiain.
  • The Conquest of Paradise
    Vangelis/Moldaketa: John Glenesk. Musika banda, akordeoi taldea, piano jolea eta abesbatzak. Zuzendaria: Zipri Otxandorena.
  • Manuel Iturriotzi Bertsoak
    Paulo Zubiarrain ‘Paulo ttikia’/Musika: Imanol Kamio. Jexux Mari Irazu bertsolaria. Biolina, biolontxeloa eta gitarra.
  • Gernika
    Egilea: Pablo Sorozabal. Txistulariak, abesbatzak eta metal boskotea. Zuzendaria: Garbiñe Orbegozo.
  • Aurreskua
    Herrikoia. Txistulariak eta dantzariak. Zuzendaria: Patxi Apezetxea.
  • Nere herriko neskatxa maite
    Benito Lertxundi/Moldaketa: abesbatzak eta akordeoi taldea. Zuzendaria: Maribel Insausti.
  • Garbiñe eta Koikille
    Dugen Egileor/Moldaketa: Jose Ramon Vitoria. Musika banda eta txistulariak. Zuzendaria: Zipri Otxandorena.
  • Gipuzkoako bi dantza zahar:
    Belaun txingoa/Makil txiki dantza
    Herrikoia/Moldaketa: J.I. Ansorena. Txistulariak, abesbatzak, metal boskotea eta dantzariak. Zuzendaria: Patxi Apezetxea.
  • ¡Oye como va!/Jump start samba
    Tito puente/John Berry. Musika banda eta Perkustra perkusio taldea. Zuzendaria: Zipri Otxandorena.
  • Adiskide bat bazen
    Xabier Lete/Moldaketa: Joxan Goikoetxea. Musika banda, txistulariak, abesbatzak eta akordeoi taldea. Zuzendaria: Zipri Otxandorena.
  • Mendirik Mendi
    J.A. Erauskin. Musika banda, txistulariak, abesbatzak eta akordeoi taldea. Zuzendaria: Patxi Apezetxea.
  • San Joan zortzikoa
    Herrikoia/Hitzak: M. Lekuona/Moldaketa: Joxan Goikoetxea. Musika banda, txistulariak, abesbatzak, akordeoi taldea, txalapartariak eta Ttarla dantza taldea. Zuzendaria: Zipri Otxandorena.

Preludioa: eguraldiak baldintzatutako ekitaldia

AURTEN 13garren preludioa izango da, aurreneko preludioa 1994an egin baitzen. Garai hartan preludioa martxan jarri zen herriko taldeak elkartu eta festak iragartzeko asmoarekin ekitaldi haundi bat egin nahi zelako. Hala ere, hasi zenetik izan dira urteak, bi, euria medio preludioa bertan behera utzi behar izan dutena. Duela bi urte Preludio Nagusian gertatu zen azkeneko aldiz eta 1996garren urtean ere bertan behera geratu zen arrazoi beragatik.
Hainbeste lan egin ondoren pena izaten da prestatutakoa ezin erakustea.
Aurten, hala ere, euria egiten badu badute alternatiba bat prest: Atsegindegiko plaza. Hala ere, behin betirako alternatiba izango den ez dago argi, espazioz urri samar ibili litezke-eta, baina ikusiko da.
Preludio txikia aldiz, ez da sekula bertan behera geratu, baina iaz sekulako beroa egin zuen eta gurasoak bazter batean, itzalpean, jarri behar izan zuten ekitaldiaz gozatzeko. Kontuan hartu behar da Preludio Txikia ekainean eta eguerdiko 13:00etan izaten dela eta beroak gogor jo dezakeela.

Ostegun gaueko eguraldi iragarpenei adi

Preludiorako erabiltzen den tablado haundia eta 1.000 aulkiak preludio egun berean jartzea ezinezkoa dela kontuan hartuta, eguraldiaren iragarpenak bere biziko garrantzia du. Ruth Martinek azaldutakoaren arabera, preludio aurreko ostegun gauean eguraldiaren iragarpenak begiratzen dituzte eta horren arabera tabladoa leku batean edo bestean montatuko dute. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!