Goiz goizetik hasi eta arratsa ilundu arte, ez du aspertzeko denborarik izango Ereñotzura hurbiltzen denak: kalejira, bola, toka, bertsolariak, kantaldiak... Gainera, sagardo probaketan indarrak berreskuratzeko aukera ere izango dute atzo desapiyuan aritutakoek, egun polita borobildu baitzuten atzo gazteek. Lehendabizi umeentzat antzerkia eta txokolatada, ondoren gazteen desapiyua eta amaitzeko, Izotz taldeak gaztetu zuen Ereñotzu.
Giro onak irabazi zuen ‘desapiyua’ atzo Ereñotzun
Ereñotzuko gazteek desapiyua jokatu zuten atzo arratsaldean. Lagun giroa izan zen nagusi, baina hortzak estututa egin zuten korrika badaezpada ere. Bi taldek hartu zuten parte eta talde bakoitzak zortzi partaide zituen. Hala ere, begira zeudenak kontuan hartu ezkero, Ereñotzu osoak parte hartu zuela esan daiteke atzoko gazte desapiyuan.
Umeek ere izan zuten dibertitzeko aukera ordea. Bat, bi hiru... Iñaxito antzezlana izan zen arratsaldeko bostetan eta haurrak ahotik parre ttikia kendu ezinda ibili ziren. Gainera, txokolatada ere izan zuten Ereñotzuko futbol zelaian bertan. Arratsalde borobila, beraz, etxeko txikienentzat.