Herriko musikarien lanak bultzatuko ditu ‘Sortuz eta Sortuz’ Doberaren ekimenak

Kronika - Erredakzioa 2006ko eka. 10a, 03:00

Herriko talde eta bakarlariei deia luzatu die Dobera Euskara Elkarteak, gutxienez bi kantaz osatutako maketa bidaltzeko. Kantuak euskarazkoak behar dute izan.

DOBERA Euskara Elkarteak Sortuz eta Sortuz ekimena jarri du martxan, herriko musikarien euskarazko lanak bultzatu eta ezagutarazteko. Doberak asmoa du aukeratutako lanekin CD bat argitaratzeko. Edozein musika estilo onartuko da, rocka, popa, reggaea, musika elektronikoa, punka, heavya, trikitixa, kantautore musika..., baldintza bakarra da kantuak euskaraz abestea.

Parte hartzaileek bete beharreko baldintzak

Sortuz eta Sortuz ekimenean ezin izango dute parte hartu diskoetxe batek kaleratutako CDa duten talde edo bakarlariek. Ezta, diskorik gabe, disko kontratua indarrean duten talde eta bakarlariek ere. Aukeratutako taldeek CD baten grabaketan hartuko dute parte. Grabaketa Doberak zehaztutako leku eta egunean egingo da. Doberaren esku geratuko dira oinarriei buruzko dudak aztertu eta argitzea, CDan aterako diren kantuak aukeratzea, eta baita CDaren inguruko erabakiak hartzea ere. CDaren eskubideak Doberarenak izango dira. CDa osatuko duten kantuak Dobera Euskara Elkarteko kideek eta musikagintzan adituak direnek aukeratuko dituzte.

Aukeratutakoek bete beharreko baldintzak

Aukeratutako talde edo bakarlariak, CDa osatzeko aukeratua izan dela jakitean, parte hartzeko baldintzak onartu dituela jakinarazi beharko du, jakinarazi zaion egunetik zazpi eguneko epean. Horrez gain, grabaketa egiteko zehaztutako egunean prest egon beharko luke. Promozio ekitaldi edo kontzertuan ere parte hartu behar du.

Bidali beharrekoak

Parte hartu nahi duten musikariek gutxienez bi kantaz osatutako maketa; taldearen edo norberaren datuak; eta letrak, idatzita, bidali beharko dituzte. Lanak, eta beharrezkoak diren agiriak honako helbide honetara bidali behar dira abuztuaren 31 baino lehen: Dobera Euskara Elkartea; Larramendi 11-behea; 20.120 Hernani. Telefonoa: 943-332799. Helbide elektronikoa: dobera@dobera.com. Aurkeztu behar diren gauzetan hutsunerik balego, jakinarazi eta 7 eguneko epea izango luke parte hartzaileak akatsak zuzentzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!