«Ondo pasatzen dugun bitartean jarraituko dugu plazaz plaza»

Kronika - Erredakzioa 2006ko eka. 10a, 03:00

IZOTZ taldeak 17garren urtez jarraian joko du gaur San Antonio jaietan, goizaldeko 00:00etatik aurrera. Taldeak berak ere 18 baditu dagoeneko eta musikari asko pasa da bertatik, Ereñotzukoak, Hernanikoak nahiz kanpokoak. Pello Gorrotxategi ereñotzuarra da sorreratik taldean dagoena, eta gogotsu dabil, Kronikari esan dionez.

San Antonio jaietan falta ezin den taldea bihurtu da Izotz eta aurtengoa 17garren urtea dute jarraian. Gustoko plaza dute Ereñotzukoa eta urte batzuk pattalxeagoak izan baditu ere, azken hiru bat urtetan gora egin du giroak berriz ere, Pello Gorrotxategiren hitzetan. Betiko txosnaz gain, beste txosna txiki bat kontzertu gunean jartzeak eragin omen du hori; izan ere gaur egun jendea dagoen tokira joan egin behar dela dio musikari ereñotzuarrak, ´jendea ez baita musika dagoen tokira besterik gabe etorriko`.

Ereñotzun sortu eta entsaiatu

Auzoan bertan sortutako taldea da Izotz eta Pello Gorrotxategiz gain, Pello Mazizior eta Pello Santiago ere taldean ibiliak dira, bajua jotzen bata eta argiekin bestea. Ereñotzun jotzen hasi baino urtebete lehenago sortu zen taldea Gorrotxategiren hitzetan, 1988an: ´musikari talde bat elkartu eta entsaiatzen hasi ginen, baina, hurrengo urtera arte ez ginen emanaldiekin hasi`. Geroztik, entsaiatu ere Gorrotxategiren etxean egin dute, lehengo ikuilu zaharrean: ´ikuilu zaharra garbitu, txukundu eta hori da gure entsaioetako tokia`. Ereñotzun musikariena fenomeno berezia da, hain auzo txikian asko baitira instrumenturen bat jotzen dutenak: ´Imanol Kamioren musika akademiari zor zaio hori neurri haundi batean, gu denak bertan ikasiak baikara`.

Ondo pasa eta ondo jo

Horiek dira taldeak gaur egun dituen helburuak. Urte batzuetan tope ibiliak dira Izotzekoak, baina, Gorrotxategik dio musikatik bakarrik bizitzea ia ezinezkoa dela eta beste zerbaitekin konpajinatzen dute musikari bizitza. Orain, astean behin entsaiatzen dute eta kontzertu edo berbenak asteburuetan edo jai bezperatan bakarrik hartzen dituzte. Noiz arte jarraituko duten galdetuta, fetxarik ez du jartzen soinu eta teklatu jole ereñotzuarrak, baina, argi du ondo pasatzen duten bitartean segi egingo dutela, agobiatu gabe: ´orain urtez urte planteatzen dugu jarraitu edo ez. Iristen da urria eta udarako balorazio bat egiten dugu: merezi al du, ba segi egiten dugu`. Neguan emanaldiak prestatu eta udaran jo, hori da Izotzen ibilbidea, eta gaur egun momentu oso onean daudela aitortu digu, herriz herriko martxari neurria hartuta. Urteroko plaza fijoak badituzte, oso kuttunak asko, Ereñotzukoa bera edo Usurbilgoa adibidez eta ondo pasatzen dutela antzeman egiten zaiela dio Gorrotxategik: ´tabladu gainean nabaritu egiten zaigu gustora gaudela, ezin dugu disimulatu. Giro oso txarra bada berriz, atzeko teloia aurrean bazenu bezala jotzen ikasten duzu`.

Errepertorio berezia

Izotz taldeak badu berezitasun bat, berbenarako taldea izanagatik, normalean berbenatan gutxi ikusten den adin muga bateko jendearentzako dantzaldia egiten du: ´normalean oso gazteentzat edo helduentzat izaten dira berbenak, baina, guk gure adin inguruko jendearentzako errepertorioa daukagu`. Normalean entzun litezken rantxera, fandango, bals eta abarrak izanagatik Police, AC/DC eta antzeko taldeen kantak ere jotzen dituzte. Eta baita Izotz berarenak ere, 1995ean disko bat kaleratu baitzuten beren kantekin eta beste bat prestatzen ere hasi baitziren. Kontuak ateratzen hasita konturatu dira 17garren urtez joko dutela auzoan, eta erronkak botatzen ere hasi omen dira talde barruan: ´20 baietz`. Oraindik eta gehiago izatea opa diogu, eta ereñotzuar askok ere bai seguru asko.

«Ereñotzukoa Ginesean ateratzeko modukoa da, hain auzo txikian hainbeste musikari izatea. Imanol Kamioren akademiari zor zaio hori»

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!