Astelehenean Txirrita eskolako festa izango dute ikasle, irakasle eta gurasoek, baina, gainerakoan deskantsurako hartuko dute auzotarrek, asteburuko ajeak pasa eta San Antonio egunerako prestatzeko. Astearteko jaia, San Antonio egunekoa, herri kirolekin hasiko da. Eguerdi partean herri kirolak izango dira Cañamares eta Ezpeleta aizkolariak eta Pato eta Landarbide harri jasotzaileekin eta Joxe Agirre eta Jokin Sorozabal bertsolariek girotuta.
Arratsaldean Txirrita
Txirrita hil zela 70 urte dira aurten eta San Antoniotan ere egingo du bere agerpena Latxen jaiotako bertsolari haundiak. Jexux Mari Irazu, Unai Agirre eta Joxan Goikoetxeak prestatutako bertso jarri emanaldia da, arratsaldeko 19:00etan izango dena. Aldez aurretik, giroa prestatze aldera, Txirritaren garaiko erromeria dute egitekoa plazan, trikitilari eta guzti.
Zikiro jatea
Astearte iluntzean herri afaria izango da Ereñotzuko plazan. Zikiro jatea prestatu dute orain bi urte bezala eta zikiroaz gain, salda, piperrada eta postrea izango dira menuan. Txartelak salgai daude Irrintzi tabernan eta Ur Mia elkartean, astelehenera arte.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!