Gaurko egunarekin sortu zen Alkoholiko Anonimoen elkartea Ameriketako Estatu Batuetan, orain 71 urte. Alkoholarekin arazoak zituen jendeari laguntzeko sortutako taldea da eta urte guzti hauetan milaka eta milaka lagun pasa dira bertako terapiatatik, Hernaniko Alkoholiko Anonimo taldeak jakitera eman duenez.
Hernanin 38 urte
Hernanin, 1968ko urriaren 15ean sortu zen Santa Barbara izenarekin. Terapia bilerak astelehen eta ostiraletan egiten dituzte, arratsaldeko 20:00etatik aurrera eta ostiraletan interesatua egon litekeen jendea hartzen dute, terapiaren nondik norakoak azaltzeko. Santa Barbara taldean alkoholarekin arazoak dituen jendea elkartzen da, hortik ateratzen ikasteko. Horrez gain, Gure Babesa taldea ere bada Hernanin, alkoholarekin arazoak dituen jendearen familiarteko eta lagunak biltzen dituena. Arazoari aurre egiten erakutsi eta gaixoari laguntzen ikasten dute, besteak beste. Gure Babesa taldea asteazkenetan biltzen da, arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Taldeak jakitera eman duenez, terapian parte hartzen duen jendearen anonimatoa erabat zaintzen da eta jendeari lagundu egiten zaio. ´Errekuperazio programa honek lagunduko dio eta irtenbideak emango dizkio edanarekin arazoak dituen eta egitan edateari utzi nahi dion jendeari`, taldeko kideen hitzetan (informazioa: 943 33 11 03).