Bihar, sagardo probaketa, bertso jaialdia eta kontzertuak animatuko dute auzoa

Kronika - Erredakzioa 2006ko eka. 10a, 03:00

Auzoko eta Hernaniko sagardoa, punta puntako bertso jaialdia eta Turlach taldearen kontzertua izango dira. Horrez gain, diana, bola eta toka, trikitixa eta Ttarla dantza taldearen emanaldia ere izango dira.

Igandea San Antoniotako egun haundietakoa izan ohi da eta bihar ere egitarau zabala dute Ereñotzun. Hernaniko Txistulariek hasiko dute eguna goizean goiz eta goiz guztian zehar trikitilariak izango dira auzoan. Sagardo probaketa, berriz, 11:30etan hasiko da, Ur-Mia elkarteak antolatuta. Auzoko Goiko Lastola eta Larregain sagardotegietako sagardoa izango da aukeran, Hernaniko Elorrabi, Iparragirre, Otsuenea, Olaizola eta Urnietako Elutxetakoarekin batean. Sagardoa jan pixka batekin hobeto sartzen denez, txorizo pintxoak izango dira aukeran. Sagardo probaketarekin bateratsu, Ttarla dantza taldeak emanaldia egingo du plazan bertan.

Arratsaldean bertso jaialdia Ereñotzuko plazak ez du gutxiago merezi eta bertso jaialdi haundia izango dute aurten ere, igandearekin: Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Estitxu Arozena, Aitor Sarriegi eta Igor Elortza. Gai jartzen Aritz Zerain ariko da. Normalean jende dezente biltzen duen saioa izaten da Ereñotzukoa, eta lehengo plazen estilora, bertso artean txalo gutxikoa. Hala ere, motibo haundia eman ezkero ziur txaloak entzungo direla.

Turlach

Gauean festarako giroa jartzeko moduko taldea izango da plazan, 20:00etatik aurrera. Alan Griffin, Pepe Otxandorena eta Arkaitz Minerrek osatzen dute Turlach taldea eta irlandar doinuz alaituko dute igande gaua. Igandekoa ez da irlandar musika egiten duen taldeak Hernanin emango duen lehen kontzertua eta orain artean arrakasta haundia lortu dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!