Etxerat elkarteak eta zenbait mendi eta kirol elkartek Andatzara ibilia eta erromeria antolatu dituzte aurten bigarren aldiz, sakabanaketaren aurka egiteko eta preso, iheslari, errefuxiatu eta errepresaliatuen giza eskubide guztiak errespetatzea eskatzeko. Mendi ibilia eta Erromeria datorren igandean izango dira, ekainaren 11n. Erromeria Andatzan egiteak badu bere zentzua Etxerat elkarteko kideek azaldu dutenez: ´Tontorrera igota gure senideek eskubide guztiak lortzea irudika dezakegu; mendi elkarteekin egindako elkarlanak, Euskal Herrian konponbiderako pausoak eman daitezkeela erakusten du; eta erromeriak, sufrimendu egoeran ere aurrera egiteko kemena`.
Ibiliak lau irteera
Andatzarako igoera eta erromeria antolatzen bat egin dute, Zizurkil, Añorga, Andoain, Urnieta, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Orio eta Usurbilgo Etxerateko senideek eta Orioko Talaimendik, Hernaniko Morkaikok, Astigarragako Zipotzak, Añorgako Mendi elkarteak eta Usurbilgo Andatzak. Mendira hiru talde desberdin irtengo dira eta Hernaniko jendeak Gudarien plazan izango du taldearekin bat egiteko aukera: l Lehen taldea Astigarragako plazatik, goizeko 08:30etan irtengo da; Hernaniko plazatik, goizeko 09:00etan pasako da; eta Lasarteko Okendo plazatik, goizeko 10:00etan, 12:00etarako Andatzan izateko. l Bigarren taldea Zizurkildik irtengo da 10:00etan. l Hirugarren taldea Usurbildik irtengo da 10:00etan. Erromeriara oinez joateko aukera asko da, baina, ibili nahi edo ezin duenak ere badu aukera igandean Andatzara inguratzeko. Autoz dezente gora joan liteke eta bizikletan ere bada igotzeko aukera, Andatza elkarteko kideek prentsaurrean azaldu dutenez. Dispertsioa bukatzeko deia Antolatzaileek preso, iheslari, errefuxiatu eta errepresaliatuen giza eskubide guztiak errespetatzeko eskaera eramango dute Andatzara, eta bereziki euskal preso politikoek jasaten duten dispertsio edo sakabanaketa politika bukatzeko eskatuko dute. Gaur egun 634 euskal preso politiko daude Etxeratek eman dituen datuen arabera eta gehiengoa Euskal Herritik aparte daude espetxeratuta. Hernanin, 24 dira preso politikoak eta guztiak daude Euskal Herritik aparte, frantziar nahiz espainiar estatuetako kartzeletan. Egoera honek presoari berari eragiten dion kalteaz gain, familiari ere zigor haundia eransten diola salatu du behin baino gehiagotan Etxerat elkarteak eta horren erakusle dira presoak bisitatzera zijoazela, familiarteko nahiz lagunek izandako istripuak. Azken istripua Alcala Meco espetxetik bueltan zetozela izan dute Soraluzeko 3 senidek eta mendi erromeriako antolatzaileek elkartasuna adierazi nahi izan die. Gogoratu arazi dute dagoeneko 11 badirela bisitetatik bueltan errepidean hildakoak eta egoera honekin bukatzeko ´zenbat hildako gehiago behar dituzte?` galdera luzatu dute.
Preso hernaniarrak
Euskal Herritik aparte
Pakito Lujanbio. Herrera de la Manchako espetxean,
602 kilometrora.
Inma Noble. Algecirasko espetxean, 1.234 kilometrora.
Joxe Jabier Zabaleta ‘Baldo’. A Coruñako espetxean,
763 kilometrora.
Kepa Pikabea. Zuerako espetxean, 325 kilometrora.
Joxe Manuel Errazkin ‘Otsua’. Topaseko espetxean,
469 kilometrora.
Fernando Alonso. Villenako espetxean, 700 kilometrora.
Andoni Murga. Valladolideko espetxean, 354 kilometrora.
Asier Ormazabal. A Lamako espetxean, 713 kilometrora.
Anjel Pikabea. Saint Maureko espetxean, 900 kilometrora.
Angel Cruz Arrospide. La Santeko espetxean, 900 kilometrora.
Ainhoa Garcia. Fresnesko espetxean, 900 kilometrora.
Alberto Rey. Uzercheko espetxean, 500 kilometrora.
Pedro Cano ‘Pitu’. Alcala Mecoko espetxean, 500 kilometrora.
Imanol Miner. Alboloteko espetxean, 903 kilometrora.
Oihane Bakedano. Brievako espetxean, 444 kilometrora.
Gotzon Aranburu. Valentziako espetxean, 703 kilometrora.
Ibon Fernandez. Fleuryko espetxean, 900 kilometrotara.
Garikoitz Arruarte. Alcala Mecoko espetxean, 500 kilometrora.
Gorka Loran. Valdemoroko espetxean, 500 kilometrora.
Araitz Zubimendi. Soto del Realeko espetxean, 444 kilometrora.
Itxaso Zaldua. Bordeleko espetean, 230 kilometrora.
Marta Igarriz. Soto del Realeko espetxean, 444 kilometrora.
Grazi Morcillo. Angoulemeko espetxean, 360 kilometrora.
Xabier Lareki. Mureteko espetxean, 349 kilometrora.