Buruntzaldeko Udaletako Euskera zerbitzuak enpresetan euskera planak indarrean jartzeko lanean ari dira eta eskualdeko hiru enpresa gehiagok sinatu zuten euskera plana egin eta indarrean jartzeko hitzarmena, atzo prentsaurrean. Hiru enpresetako bat Hernaniko Hator aholkularitza zerbitzua da eta beste biak Astigarragako Tximela eta Lasarte Oriako Aduriz. Hatorren izenean Karlos Madinak sinatu zuen hitzarmena eta Udaleko Txema Mercado Hezkuntza zinegotziak. Honenbestez 10 enpresa dira eskualdean euskera planak jartzeko lanean ari direnak, udalak lan honetan hasi zirenetik. Ikasturte honetan 27 enpresa bisitatu dituzte eta horietatik 3k hartu dute euskera planak egiteko konpromisoa.
Txikitik haundira
Usurbilgo Luzuriaga enpresak iaz egin zuen euskera plana eta urtean zehar egindakoa azaldu zuen Nekane Aramendi ordezkariak. Bere hitzetan, gauza txikiak egin dituzte hasiera honetan, baina, enpresako giroa aldatzen lagundu dutenak: bilera garrantzitsuetako sarrera eta agurrak euskeraz egitea; deialdi eta akten sarrerak bi hizkuntzetan egotea... eta abar. Horrez gain, euskera batzorde bat sortu dute eta enpresako arduradun nagusiak parte hartzen dute bertan eta kontzientziatua egon litekeen jende euskalduna inplikatzea eta ematen diren pausoen berri langileei ematearen garrantzia ere azpimarratu zuen Aramendik.
Diruz lagundu
Alde bitako hitzarmenak euskera plana indarrean jartzeko konpromisoa eskatzen die enpresei eta diruz laguntzekoa udalei. Enpresak Jaurlaritza eta Diputazioan ere eskatuko du laguntza eta Udalak laguntza osatuko du, 3.500 euroz azpitik eta aurrekontu osoaren hirutik bi izatera iritsi gabe. Planean Udalek, CCOO, ELA, LAB eta UGT sindikatuek, Lanbide heziketako ordezkariek eta EMUN hizkuntza aholkularitzak hartu dute parte.