Ostiralean hasiko dira San Antonio jaiak Ereñotzun eta asteazkenera arte auzoa festarako egongo da. Aurten, asteartearekin egokitu da San Antonio eguna eta festak aurreko asteburuan hastea erabaki du jai batzordeak. Ostiralean, hasiko dira beraz aurtengo San Antonioak, arratsaldeko 20:00etan: kanpaiak jo eta etxefuegoak botako dituzte eta Ozenki eta Kantuz abesbatzak animatuta poteoa izango da. Gauerdian, preso, iheslari eta deportatuei omenaldia egingo diete eta ondorenean kontzertua izango da. Mal de Ojo eta Txuma Murugarren taldeak izango dira kontzertuan eta ondorenean, DJ Bela hernaniar disko jartzaileak parranda jarraitu nahi dutenen gustua egingo du txosnatan.
Igandea ekitaldiz gainezka
Auzoko jendea festara asko inguratzen den auzoetako bat da Ereñotzu. Hala ere, Hernanitik eta beste hainbat lekutatik jendea erruz inguratzen da asteburuan eta aurten ere, gutxi fidatu. Asteburuan izango da non gozatua, igandean bereziki. Larunbatean, haurrentzako emanaldi eta jokoak izango dira arratsaldean eta auzoko gazteen arteko desapiyua ondorenean. Gauean, auzoko Izotz taldearekin parranda izango da. Izotz taldea auzoko festetan falta ezin den talde bihurtu da eta aurtengoa 18garren urtea du jarraian, San Antonio jaietan jotzen. Igandean, ekitaldi ugari izango izango dira goizean goizetik. Urteroko moduan, sagardo probaketa izango dute plazan Ur Mia elkarteak antolatuta eta Ttarla taldeko dantzariak ariko dira eguerdian. Arratsaldean, nola ez, bertso jaialdi haundia dago iragarria: Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Amets Arzallus, Estitxu Arozena, Aitor Sarriegi eta Igor Elortza ariko dira kantuan. Ereñotzu bertsoarekin lotura estua duen auzoa da, eta hortaz jabetzeko ez dago egitaraua ikusi besterik: ia egunero izango dira bertsolariak edo bertsoarekin zerikusia duten emanaldiak. Jaialdi nagusiak jende asko bildu ohi du eta bertsolarien artean ere fama berezia du Ereñotzukoak. Ondorenean, Alan Griffin, Pepe Otxandorena eta Arkaitz Miner eta Turlach talde hernaniarrak, irlandako doinuak zabalduko ditu, igandeko festari jarraipena eta bukaera emateko. Asteartea, San Antonio eguna, festa haundia izango da eta asteazkenean Irubidieta eta Ugaldetxon izango da urteroko festa. Bestalde, dagoeneko mus txapelketa eta mendi irteera egin dituzte lehengo asteburuan: musean 17 bikotek hartu zuten parte eta Pello Erroizenea eta Mila Zugarramurdik irabazi zuten. Bost menditako proban, berriz (Adarra, Oindi, Agiña, Urdaburu eta Arrondo), 23 lagun irten ziren eta eguraldi onarekin osatu zuten ibilia.
San Antonio egunean zikiro jatea
Asteartean da San Antonio Eguna, eta asteleheneko deskantsuaren ondoren, festa giroa nagusituko da berriz ere auzoan. Eguerdi partean herri kirolak eta bertsolariak dira auzoan eta arratsaldean Txirrita gogoan izango dute, hil zeneko 70garren urteurrenean. Erromeria izango da lehenengo eta ondorenean Txirrita Ereñotzun 2006 bertso musikatu emanaldia Joxan Goikoetxea, Jexux Mari Irazu eta Unai Agirreren eskutik. Ondoren, herri afaria izango da plazan bertan, zikiro jatea. Txartelak Ur Mian eta Irrintzin daude (edo 656 70 38 41 telefonoan), 20 eurotan. Menua: salda, piperrada, zikiroa eta postrea.
Egitaraua
Ostirala, ekainak 9
- 20:00: Hasierako txupinazoa eta Ozenki eta Kantuzekin poteoa.
- 00:00 Preso iheslari eta deportatuei omenaldia.
- 00:30: Kontzertua: Mal de Ojo, Txuma Murugarren, DJ Bela Txosnan.
Larunbata, ekainak 10
- 17:00: Bat, bi, hiru.. Inaxito. Ondoren, haur jaialdia eta txokolatada eta mozorrorik onenarentzat saria.
- 19:00: Gazteen arteko desapiyua.
- 00:00: Izotz taldearekin parranda
Igandea, ekainak 11
- 08:30: Txistulariekin diana eta trikitilariekin kalejira.
- 10:00: Bola eta Toka.
- 10:30 Meza Nagusia.
- 11:30: Sagardo Probaketa plazan: Elorrabi, Iparragirre, Elutxeta, Otsuenea, Larregain, Olaizola eta Goiko Lastaola.
- 12:00: Ttarla taldearen emanaldia.
- 18:30: Bertso jaialdia: Egaña, Lujanbio, Arzallus, Arozena, Sarriegi eta Elortza.
- 20:00: Kantaldia Alan Griffin, Pepe Otxandorena, Arkaitz Miner eta Turlach Taldea.
Asteartea, ekainak 13
- 07:00 Meza.
- 10:00: Bola.
- 10:30: Meza Nagusia.
- 12:30: Herri kirolak plazan (Cañamares, Bihurri, Pato eta Landarbide) eta bertsolariak (Sorozabal eta J. Agirre).
- 18:00: Txirritaren garaiko erromeria.
- 19:00: Txirrita Ereñotzun 2006: Irazu, J. Goikoetxea eta U. Agirre.
- 21:00: Zikiro jatea plazan.
Asteazkena, ekainak 14
- 11:30: Bola eta Toka Irubidietan eta Mendiluze eta Legarretarekin bertso saioa.
- 17:30: Pelota partiduak Ugaldetxon eta bertso saioa.
- 19:00: Toka txapelketa Ugaldetxon.
- 20:00: Kupela taldearekin erromeria.