Xauenetik

Kronika - Erredakzioa 2006ko eka. 5a, 03:00

1921ean espainiar eta frantziar kolonizatzaileen aurka altxatu zen Abd-el-Krim buruzagi bereberearen lurraldetik, Rifeko mendietako harribitxi dioten herritik... Hiri santua da hau berebereentzat; eta herri saihestezina turismoaren industriarentzat marokiar bidaian. Benetan harribitxi herri bitxi hau: Xauen, Chefchaouen idazkera frantsesean, berebereaz mintzo da, herriaren kokapenaz. `Begiratu adarrak` da hitzaren esanahia,...alegia, adar horiek herri gainean dauden lau mendi tontor dira. Xauen lau mendi hauen magalean esertzen da, 700 bat metrora itsas mailaren gainetik. Hemen, askotan nahasiak ageri dira ohikotasuna eta modernitatea, gehienetan gainjarriak, batzuetan elkarrekin eta noizean behin kontrajarriak. Ohiko txilabak (Marokoko egungo errege Mohamed VI.ak hona egin duen bisitan jantzi duena eta herrira hurbiltze-keinu gisa ulertu dena) eta bakero modernoak; astoak eta BMWak; artisauak eta merkatariak; baserritarrak eta kaletarrak; gurdi zaharrak eta kutxazain automatiko berriak; otoitz megafonikoak eta antena parabolikoak... Kalean, arabea da (kultura nagusitua) gehienbat entzuten dena; batzuetan bereberera, gaztelera, frantsesa eta, noizbehinka ere, euskara. Atzo, Pantano esaten dioten eta Mohamed izena duen 23 urteko gazteak horrela esan zidan bat-batean. `Oso nekatuta nago. Nik asko erre dut gaur. Eskerrikasko`. Ni ere horrela sentitzen nintzela erantzun behar nion une berean atea ixten zela entzun nuen. Xukran baita zuri ere, Pantano. Xukran!

Xabier Ibarzabal Esnaola

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!