Jai Baitzordeak salatu du ´Kultura Batzordearen zentsura politikoa` San Joanetako kartela aukeratzeko garaian

Kronika - Erredakzioa 2006ko eka. 5a, 03:00

JAI batzordeak, Kronikara bidalitako idatzi batean, salatu du Kultura Batzordearen ´zentsura politikoa`. Azaldu duenez, Jai Batzordeak, herriko taldeek osatutakoa, asanblearioa da eta beste hainbat erabakien artean festak iragartzen dituen kartela aukeratzen da bertan. ´Talde guztiek boto bana dute eta gehiengo osoz aukeratutako kartela ez du Udal Kultur Batzordeak onartu` salatu dute. Jai Batzordeak aipatu du, Udalak esan ziela aukeratutako kartelak konnotazio politikoak zituela eta beste bat aukeratu behar zutela.´Jai Batzordeak erabaki zuen kartela aukeratuta zegoela eta ez zuela beste aukeraketarik egingo, eta horrela jakinarazi zion kultura zinegotziari`. Jai Batzordearen erabakia Kultur Batzordera eramango zela eta haien erantzunaren berri eman zitzaiela izan zen erantzuna, azaldu duenez. ´Inongo erantzunik gabe, prentsa bidez jakin dugu, Udal Kultur Batzordeak beste kartel bat aukeratu duela` salatu dute.

´Parte hartu duten herritarrekiko errespetu falta`
Jai Batzordeak Kultura Batzordearen ´zentsura politikoa` eta ´parte hartu duten herritarrekiko errespetu falta` salatu du. Horrekin batera, azpimarratu nahi izan du ´gurekin hitz egin gabe, kartel berria inposatu eta publiko egin` duela Udalak. Eta larria iruditzen zaio Udalak gertatutakoaren berri eman ez izana. Aipatu duenez, ´Udalak aukeratutako kartelaren egileak berak ez zekien ezer eta batzordearen bidez` jakin du gertatutakoa. Bukatzeko Jai Batzordeak aipatu du inoiz ez zaiela kartelaren edukien inguruan inongo muga edo baldintzarik jarri eta Udalari eskatu diote: ´inposaketaren bidea baztertu eta irtenbide negoziatuen aldeko apustu egin` dezala.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!