«Ezker abertzaleak ezin du jasan herritarrei irekitako ereduak arrakasta eduki izana»

Kronika - Erredakzioa 2006ko eka. 1a, 03:00

Hirigintza Zinegotziak, Bildu Hernanik egindako adierazpenei erantzunez, prentsa idatzi bat bidali du Hernaniko Kronikara. Zinegotziaren iritzian, Bildu Hernanik Arau Subsidiarioak atzera botatzeko eskatu du ´Hernaniko etorkizuna diseinatu ahal izateko egin den eta amaitzear dagoen prozesu honek aurretik inoiz jaso ez den parte hartzea eta arrakasta izan duelako`. Udalak aipatu du parte hartze prozesu honetan 400 alegazio izan direla eta horien zati haundi bat onartu ondoren, aldatutako testua erakusketa publikoan jarri zela berriro ere: ´azken erakusketa honen ondorioz 90 alegazio berri izan dira eta horietako asko ere onartu egin dira` gehitu du Udalak.

´Herritarrei irekitako ereduak arrakasta lortu du`
Udalaren ustez, Ezker Abertzaleak jasan ezin duena da herritarrei irekitako ereduak arrakasta eduki izana, ´agerian uzten baitu bere hirigintza antolaketa eredua. Bulego baten iluntasunean partikularrekin sinatzen diren hitzarmenen eredua, herritarrek hauei aurre egin edo iritziak azaltzeko aukerarik uzten ez duena` dio. Oharrak dio, ´BHren eredua` ezagutzen dutela: ´2003ko ekainean, korporazio berriak bere karguak hartu baina egun batzuk lehenago, dekretuz udaletxean entregatua izan zen egun berean informe tekniko bat onartu zen, hirigintza eztabaidarekin amaitu nahian. Eta publikoari erakusteko aurreikuspenik gabe`. Oharrak dio ezker abertzalearentzat nahikoa zela alkatearen sinadura sinple bat, erakusketa publikorik gabe, non eraiki eta non ez erabakitzeko. Horrez gain, azaldu du eredu horren aurrean egungo korporazoiak modu gardenean jokatu duela, ´guztion artean Hernani bezalako herri batek garapen orekatu eta jasangarri bat izateko testua osatu da`.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!