GAUR irekiko da Lanbide Heziketetan aurrematrikula egiteko epea eta ekainaren 7ra arte izango da aukera. Hernani Institutuan goi eta erdi mailako zikloak daude aukeran, guztira bost. Zikloak bi kurtsotakoak izaten dira. Ziklo hauetan eta batxilergoetan behin betiko matrikula egiteko epea ekainaren 30etik uztailaren 6ra izango da. Horretarako Hernani Institutura jo behar da edota telefono honetara deitu: 943 551188.
Bost ziklo aukeran
Erdi Mailako Zikloak industria sektorearekin lotutakoak dira: Ekipo eta Instalazio Elektroteknikoak bata, eta Mekanizazioa, bestea. Goi Mailako Zikloak aldiz, industria eta zerbitzu arlokoak dira: Proiektu Mekanikoen Garapena (proiektu diseinatzailea), Instalazio Elektroteknikoak (goi mailako instalazioak, etxe inteligenteetan esaterako) eta Gizarte eta Kultur Animazioa (aisialdia dinamizatu, aktibitateak programatu...). Erdi Mailako Zikloetan sartzeko beharrezkoa da DBH gainditzea. Goi Mailakoetan sartzeko, Batxilergoa gainditu beharra dago. Goi Mailako Zikloek duten abantailetako bat da, bukatzean, zikloekin lotutako unibertsitate ikasketak egin daitezkeela, selektibitatea gainditu behar izan gabe.
Praktikak eta lanerako aukera asko
Kepa Zamalloa, Hernani Institutuko zuzendariak azaldutakoaren arabera, gaur egun praktikak zikloetako beste irakasgai bat bezala kontsideratzen dira: ´guztira 350 ordu egin behar dira praktiketan, inguruko enpresa batean ala atzerrian. Enpresan eta ikastetxean tutore bana izaten dute eta ikaslearen jarraipen zuzena egiten dute`. Lanbide heziketak lan munduan aukera asko ematen duela ere azaldu du zuzendariak, %100a industria arloko zikloetan. Honekin lotuta azaldu du, ikasleekin lan poltsa osatzen dutela eta enpresekin harreman zuzena dutela. Ikasleak lanean hasten direnean ere 2 urtetan zehar jarraipena egiten zaie, lanean jarraitzen duten egiaztatzeko.