KUTXAren ekarpenak Duela bi aste epaiketa izan nuen, ´Kutxa´rena den etxe huts bat okupatzeaz leporatuta. Fiskala eta Kutxaren eskaerak berdinak izan ziren, desalojoa eta 1800€ko isuna. Orain epaiaren zain nago, desalojo aginduaren zain, hamabi bat urtez hutsik egondako etxea, berriz ere hutsik uzteko. Etxebizitza arazo larriaren aurrean instituzioetatik, eraginkortasun zalantzagarria eta jasangarritasunik gabeko politikak bultzatzen dituzte, milaka etxe proiektatuz, horietariko batzuk BOEkoak izanik ere, beste gainontzekoarekin promotora-konstruktora, lur jabe eta espekulatzaileak gustora utziz, etxe hutsei buruzko programetan diru publikoz etxearen jabeari ordainduz, alokairu publikoarekin negozioa eginez… Ba al dakizue, 2004an Diputazioak onartu eta lau haizeetara goraipatu zuen etxe hutsen gaineko zerga igoera, 2005eko azaroan soinurik egin gabe indarrik gabe utzi zuela? Injustizia egoera honetan okupazioa, aukera erreala izateaz gain, arazoari errotik heltzeko beharraren aldarrikapena, edozeren gainetik dagoen jabetza eskubidea zalantzan jartzen duen oihua, etxebizitza eskubidea bere egiten duen alternatiba bihurtu da; seguru asko, gehienontzat jasangaitza den egoera hau iraultzen saiatzeko tresna eraginkorrena. Epaitegiak, nola ez, okupazioari esku frenoa jartzen saiatzen dira. Desalojoa aginduz jabearen eskubidea babesten dute eta okupazioa zabaltzeak suposatuko lukeenaz jakitun, ordaindu ezean kartzelara zoazen zigor ekonomikoak jartzen dituzte (ez du insolbentziak balio), honek okupazioa geldiaraziko duenaren esperantzaz. Nire epaiketaren kasuan, azken estrategia horretan ere, Kutxa konplize izan dute. Hipoteka-maileguak, etxe hutsak eta okupazioari esku frenoa, hau da Kutxak etxebizitza gaian egiten digun ekarpena.
Mikel Apezetxea