Sandiusterriko sonorizazioa hobetuko dute

Kronika - Erredakzioa 2006ko mai. 31a, 03:00

Ongintzako zuzendaritza batzordea bilduko da bihar eta hitz egingo dute Sandiusterri aretoko sonorizazioa hobetzeaz, besteak beste. Zehazki, Sandiusterriko sonorizazioa hobetzeko obrak adjudikatzeko lehiaketaz hitz egingo dute. Batzordea arratsaldeko 16:00etan hasiko da.

Areto egokirik ez
Andoni Amonarraiz, Ongintza Patronatuko Lehendakariak azaldutakoaren arabera, Sandiusterriko sonorizazioa hobetuko dute Hernanin emanaldiak izan dituzten zenbait musikazalek komentatu izan dutelako, ez dagoela soinu kalitatea eskaintzen duen aretorik herrian.
     Amonarraizek dio, hutsune horri erantzunez, pareta eta sabaietako akustika hobetuko dutela eta baita teloia altxatzeko sistema aldatu ere. Horrez gain, ordenadore bidez kontrolatutako proiektorea jarri eta aulkiak aldatuko dituzte.
     Obraren aurrekontua 78.000 euro ingurukoa da, aulki berriak kontuan hartu gabe.
     Obrak urte bukaerarako bukatzea espero dute, Gabon inguruan musika emanaldi ugari izaten baitira herrian eta dena prest eduki nahi lukete fetxa horietarako.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!