añARBEKO Urak (Agasa) enpresako azpikontrata da Aqualia, eta bertako langileek protesta egin zuten atzo, Mankomunitatea osatzen duten herrietan zehar: Donostia, Errenteria, Lasarte, Pasaia, Lezo, Oiartzun, Urnieta, Astigarraga eta Hernani. Eguerdian bildu ziren Hernaniko plazan Añarbeko urak, prekarietaterik ez: eskubide berdinak denontzat lemarekin kontzentrazioa egitera.
Baldintza ezberdinak azpikontrata beraren barruan
Josu Aizpuruak, Aqualiako Enpresa Batzordeko ordezkariak, azaldutakoaren arabera Aqualia da Añarbeko azpikontrata nagusia eta beraiek egiten dituzte Añarbeko aktibitatearekin lotutako lanak: mantenimendua, ura garbitu eta banatu, ur zikinak tratatu, etorkizuneko Loiolako araztegiko uren bonbeoa eta abar. Aizpuruak salatu du iazko uztailetik kontratatutako langileei (74tik 27) uraren estatu hitzarmena aplikatu zaiela, azpikontrata martxan hasi zenetik (1989tik) langileei Gipuzkoako Siderometalurgiako hitzarmena aplikatu zaienean. ´Horrek azpikontrata beraren barruan bi langile maila sortzen ditu, lan bera eginda. Kontuan hartu gabe Añarbeko Urak plantillako langileekin lehen ere bazegoela lan baldintzetan aldea, lan bera eginda. Esan daiteke 3 langile maila daudela`. Duela gutxi Agasak lehiaketa publikora deitu du datorren sei urteetarako zerbitzuen kontratazioa, eta bertan jasotzen dira azpikontratatuko diren langileen baldintzak, ´plegu horretan azken hilabeteetan gertatzen ari den bazterketa larria ezartzen da` aipatu du Josu Aizpuruak.
Politikariak arduradun
Aqualiako Enpresa Batzordeko ordezkariak azpimarratu du Añarbeko Urak enpresa publiko bat dela, Añarbeko Udal Mankomunitateak sortutakoa. ´Zerbitzu hauen benetako titularra, honen lehendakaria, Odon Elorza da, Donostiako Alkatea`. Mankomunitatea osatzen duten herri ezberdinetako politikariek kontseju bat osatzen dutela ere aipatu du eta horiek direla erabakitzeko ahalmena dutenak.