Txinparta elkarteak Goizuetara ibilaldia egingo du larunbatean

Kronika - Erredakzioa 2006ko mai. 28a, 03:00

Txantxangorrin bazkalduko dute aurten.

Txinparta elkarteak, urtero bezala, Goizuetara ibilaldia egingo du. Zita ekainaren 3an egin dute, goizeko 07:00etan Plaza Berrin. Hortik Goizueta aldera oinez abiatu eta gosaria Asketako iturrian egingo dute. Goizuetara iritsitakoan berriz, hamaiketakoa izango da mendi martxan ibilitakoentzat. Aurten Txantxangorri elkartean izango da ibilaldi ondorengo sagardo bazkaria. Horretarako, Goizuetan autobusa hartuko dute Hernanira itzultzeko. Bazkaria Txatok eta hainbat laguntzailek prestatuko dute.

29. Sagardo txapelketa
Urtero bezala sagardo txapelketa egingo dute bazkaritan. Parte hartzaile bakoitzak bi sagardo botila eramango ditu eta botilarik onena aurkeztu duenak jasoko du saria, postre garaian. Iaz, Koldo Alkortak irabazi zuen sagardo txapelketa. Ibilaldiaren antolatzaileek nobedade bat jakinarazi dute: aurten kamiseta berriak estreinatuko dituzte. Izena eman nahi duenak ekainaren 1a arte du horretarako aukera, Txinparta taldeko edozein kideri abisua emanda.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!