AIZKORRI-Zegama mendi maratoiaren bosgarren edizioa egingo da gaur. Mundu mailako fama hartu du proba honek eta horregatik, Munduko Koparako puntuagarri izango da. Bertan, ehunka lagunek eman dute izena, baina batzuk bakarrik onartu dituzte (400 korrikalari gehienez), horien artean Patxi Artola eta Xabier Santa Kruz hernaniarrak. Hala ere, Xabier Santa Kruzek ez du parte hartuko, ondoezik ibili baita. Artola ez da izango Aizkorri igoko duen hernaniar bakarra, animatzera eta goiz pasa egitera jende asko joango baita Goierri aldera inguru honetatik.
´Oilo-ipurdia jartzeko modukoa` Hernaniko korrikalariak Kronikari azaldu dio gogoarekin dijoala mendi maratoia egitera, bere lehenengo aldia baita: ´Bost ordu eta erdi inguruan egitea espero dut` azaldu digu. Artolak dio ikusgarri izaten dela Aizkorri tontorrean biltzen den jendetza: ´Gero eta jende gehiago joaten da ikustera eta askok diote oilo-ipurdia jartzen zaiola korrika dijoanari`, dio.
Fitxa teknikoa
Ibilbidea: Zegama-Otzaurte-Aratz-Sancti Spiritu-Aizkorri-Aitxuri-Urbia-Andraitz-Oazurtza-Zegama.
Luzeera: 42,195km
Irteera ordua: 09:00ak
Desnibela: 5.472m
Jan-edaria eta kontrolak: 14
Zailtasuna: Oso haundia
Euskal Herriko Parke Natural berriena
Aste honetan izendatu du Eusko Jaurlaritzak, Aizkorri, Parke Natural. 16.000 hektarea babestu dituzte izendapen honekin eta EAEko bigarren Parke Natural haundiena da, Gorbeiaren atzetik. Parkearen %80 Gipuzkoako zatiak osatzen du eta gainerakoa Arabako lurretan dago. Goi lurrak (Aitxuri da mendi altuena, 1.551 metrorekin), basoak eta larreak dira nagusi Aizkorrin eta San Adrian edo Urbia bezalako paraje ederrak aurkitu daitezke bertan. Gaurkoa, aukera paregabea da inguru hura ezagutzeko.