«Tibeteko kulturak bizirik dirau, baina ez da txinatarren bortizkeriaz berreskuratu»

Kronika - Erredakzioa 2006ko mai. 28a, 03:00

Mikel Insausti hernaniarra Asian barrena dabil joan den azarotik. Azkeneko berriak Birmanian zela jaso genituen, Vietnam, Laos eta Kanbodian izan ondoren. Bertako errealitatea bertatik bertara ezagutzeko aukera izan du Insaustik: bi mundu kontrajarri, tibeteko kultura eta txinatarren eskutik etorritak garapena.

Zein irudi zenuen Tibeten inguruan, eta zer da aurkitu duzuna?
Tibeti buruz nuen irudia oso erromantikoa zen, non ispiritualtasunak gizartean oraindik leku garrantzitsu bat zeukan. Banekien ere Txinatarrek Tibet okupatu zutenetik, Tibeteko kultura eta sinboloak (monastegiak adibidez) erabat erasotuak izan zirela, eta hein handi batean suntsituak. Tibeten aurkitu dudana bi mundu kontrajarri izan dira. Alde batetik, Tibeteko kulturak bizirik dirau, baina ez da txinatarren bortizkeriaz berreskuratu, batez ere Iraultza Kulturalean egindako sarraskiaz. Tibeten ehundaka mila pertsona erahil zituen Txinako ejerzitoak eta Guardia Gorriak. Monastegi gehienak eta Budismoaren sinboloak suntsitu zituzten, milaka. Gaur egun, Tibeteko hiri eta herrietan auzo tibetar txiki batek bizirik dirau. Bestalde, Txinatarrek munduaren eta garapenaren irudi berri bat ekarri dute Tibetera. Azpiegitura proiektu erraldoiak burutu dituzte, eta beste hainbat martxan daude (errepideak, errepresak, trenbideak, fabrika anitz...). Aurrean aipaturiko auto Tibetarren inguruan, urbanizazio txinatarra dago. Lhasan adibidez, hiriburuan, hiriaren parte Txinatarra %90 baino haundiagoa da. Auzo tibetarra inguratua dago eraikuntza eta kale txinatarrez. Bi errealitate hauek ez dira bata bestearen ondoan bizi...menpekotasun eta anikilazio prozesu mantxo bat, baina eraginkorra, martxan daude. Telebista, hezkuntza, dena txinatarrez da.
Tristea da oso errealitate hontaz jabetzea. Nondik barrena ibili zara Tibeten?
Lhasa inguruan astebete eman nuen, eta gero hamar egun Tibeten barrena sartu nintzen. Tibet Zentrala ezagutu dut: Sighatse, Gyantse, Nangartze....Everest menditik nahiko gertu egon naiz. Turista asko Kanpo Basera joaten da bisita egitera, baina ez naiz bertara hurbildu, nahiago nuen leku lasaiagoetara joan, monastegi urrutietan galtzea egun batzuez...
Klima eta altuera aldaketarekin zer moduz moldatu zara?
Lehen eguna latza izan zen, Lhasa 3.600 metrotan dago, eta abioiez etorrita altuera aldaketa bortitza da oso. Bigarren egunerako burukomina joan zitzaidan, baina nekeak laupabost egun iraun zuen.
Nolakoa da Tibeteko jendea?
Tibetarrak jende atsegina dira orokorrean, kuriosidadez begiratzen dute arrotza. Oso zaila da beraiekin komunikatzea, ia inork ez baitu ingelesez egiten. Beraz, komunikazioa keinuz egin beharra dago. Zenbat alditan gertatu zait janari bat eskatu, keinuz, eta beste zerbait platerrean aurkitzea! Eguneroko kontua da hau, gaizkiulertuak etengabe gertatzen dira, umore onean hartu behar bestela akabo. Mendian kokatutako Monastegi txiki batean bi egun eman nituen, hura bai esperientzia! Monje gazteenak beti laguntzeko prest agertzen ziren, etengabe gauzak galdetzen (Tibetanoz noski), erakusten, baina ezin ulertu elkarri. Azkenean nahiko frustantea izan zen, zeren tutik ere ezin izan genion elkarri ulertu. Txinatarrak komertzioen jabe dira, ia erabat Tibet osoan. Beraz beraiekin dudan harremana komertziala da, denda batean sartu eta zerbait erostera joaten naizenean. Komertziante onak dira, baina eroslearen ikuspuntutik, batezere atzerritarra izanda, nazka eginda bukatu dut. Prezioak hirukoiztu egiten dituzte sarritan, eta regateatzen badiezu malaletxean jartzen dira. Ez da atsegina bertan erostea, beste Asiako herrialde batzutan ezbezala (Laos, Kanbodia, Birmania, Tailandia....).
Nola moldatu zara bakarrik bidaiatzen Tibeten, bidaia organizatu batean parte hartu gabe?
Bakarka bidaiatzea Tibeten abentura bat da. Jende gehienak talde txikitan bidaiatzen du, 4x4 batean. Gobernu txinatarrak hori nahi du, berak baimendutako agentzien bidez joatea, eta berak eskainitako bahimenen bitartez. Asko entzuten da bahimen famatuei buruz. `Poliziak harrapatzen bazaitu baimenik gabe sekulako multa ipini eta buelta eman behar...`. Horrelakoak entzuten dira Lhasan, eta bidai agentziak dira arrisku hoiek gehien goraipatzen dituztenak. Azken finean, zenbat eta bakarkako bidaiari gutxiago hainbat eta handiagoa bere negozioa.
Bahimena lortzeko modu bakarra agentzia baten bitartez izaten baita, talde antolatu batean! Zein da egungo egoera politikoa?
Tibet ez da independientea. Txinatarrek okupatu zutenetik esparru autonomotzat dute, Txinaren partea da. Administrazioa txinatarren eskuetan dago, nahiz eta tibetar asko ere bertan enplegatuak egon. Baina tibetar hauen txinatarrenganako lehialtasuna dudan badago, edo nolabait Txinaren zeregina kritikatzen badute, lanpostua galtzen dute berehala. Hezkuntza basikoa tibetarrez ematen da tibetar haurrentzat, baina bigarren zikloa eta unibertsitatea txinatarrez bakarrik. Eta txinatarren emigrazioa Lhasara eta Tibetera masiboa izan da azken hamarkadetan. Disoluzio etniko bat burutzen ari dira, gero eta txinatar gehiago eta hare eta tibetar gutxiago daude. Gainera, tibetarren hazkuntza tasa historikoki bajua izan da, hainbat arrazoiengatik: inguruak ezin duelako populazio handi bat sustatu, familiek gutxienez seme bat Monastegira bidaltzen dutelako, eta abar. Dalai Lamaren hitzetan, kolonizazio ekonomikoa da Tibeten mehatxurik handiena, txinatarren inmigrazioarekin batera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!