Osasunarekin lotutako beste alderdi batzuk bezala, begiei ere geroz eta gehiago kontu egiten diegu. Geroz eta maizago egiten dugu errebisioa, eta betaurreko edo lentillak erabiltzeko modua ere aldatu egin da. Zirugiak indar haundia hartu du, eta miopia duen jende dezente da operatu egin dena. Emaitzak, gehienetan ona, baina, bestealdekoak ere bai.
Mediku Oftalmologoak eta optometristak
Ikuspegi profesionaletik hartuta, optiketako zerbitzua mediku optometristak ematen dute normalean. Optometristen zeregin nagusia bista graduatu eta ondo ikusteko lentilla edo betaurrekoak jartzea da, beti ere sano dagoen begiari. Mediku kontsultak eta zirugia lanak oftalmologoek egiten dituzte, okulistek. Hasieran disziplina arteko konpentzia gora-beherak egon baziren ere, gaur egunean elkarri laguntzen diote. Optometristak bista graduatzen espezializazio haundia lortu dute. Anbulatorioetan, zerbitzu hori optiketara bideratzen da (debalde). Eta alderantziz. Bista graduatzera datorrenari optometristak zerbait berezia sumatzen badio, (begiko tentsioa altu, arazoren bat...) oftalmologoarengana bidaltzen du. Adin batetik aurrerakoei optometristek beti hartzen diote begiko tentsioa, eta arazo larriak ebitatzeko bidea izan liteke. Hernanin lau optika daude, (bat zabaldu berria) eta Osakidetzaren zerbitzua Groseko anbulategian eskaintzen da, Hernaniri dagozkion beste zaintza batzuekin batean.
Astigmatismoa, hipermetropia, miopia eta bista nekatua
Orokorrean hitz eginda, begietan lau arazo mota izaten dira nagusi: miopia (urrutira gaizki ikusi), hipermetropia (gertura gaizki), astigmatismoa (irudi batzuk borroso) eta bista nekatua (bista galtzen joan, batez ere gertura). Desberdin eragin bai, bista nekatzea erremediorik ez duen kontua da, eta denoi gertatzen omen zaigu 40 urtetik aurrera. Prozesuak 60-65 urte inguru arte jarraitzen du, eta, batzuetan prozesua gelditzea arazo larriago bat datorrenaren seinale ere izan liteke, kataratak adibidez. Betaurrekoak eta lentillak dira aringarri nagusiak. Astigmatismoa begiko deformazio bat da, eta begiak ezin du ondo enfokatu. Hor ere konponbide nagusia betaurrekoak edo lentillak dira. Miopia da gehiena operatzen dena, baina, baditu bere konplikazioak. Hasteko miopia prozesuak geldituta egon behar du, eta gaizki gelditu ezkero, ez du bueltarik. Ekonomikoki ere operazio garestia da, eta Seguridade Sozialak ez du ordaintzen. Hernanin operazio asko dira ondo atereak, baina, baita bestelakoak ere. Ondo atera, baina, uste bezain ondo geratu gabeak ere bai.