«Akelarrea galtzerik ez du inork nahi eta horregatik hartu du Gazte Asanbladak ardura»

Kronika - Erredakzioa 2006ko mai. 27a, 03:00

GAZTE Asanbladako kide den Itziar Arruarte eta duela 20 urtetik akelarrea antolatzen ari diren Monica Garcia, Mila Kintana eta Tito Mujikarekin bildu gara eta berriketa saioa egin dugu. Kontatu digute, akelarrea sortu zutela, elizaren inguruko San Joan festaren aurrean alternatiba izateko, eta azkeneko urteetako gainbeheraren ondoren, herriko gazteei akelarrearen ardura hartzeko erreleboa pasa nahi izan dietela ere bai.

Nolatan hartu du Gazte Asanbladak akelarrea aurrera ateratzeko ardura?
Mila Kintana: Azken 5 urteetan akelarrea gain behera zetorren. Pertsona jakin batzuk hor egon ez balira, seguruenik, akelarrerik ez zen izango. Hori ikusita pentsatu genuen herriko gazteak inplikatu eta akelarrea aurrera ateratzeko ardura hartu behar zutela eta Gazte Asanbladarengana jo genuen. Gazte Asanbladak ardura hori hartu egin du. Hala ere, lehenagoko lan taldeak lagundu egingo dugu, ulertzekoa denez, hasieran galdu xamar ibiliko baitira. Espero dugu gazteek erantzukizuna hartuko dutela.

Itziar Arruarte: Gazte Asanbladako inork ere ez du nahi akelarrea desagertzerik eta hori dela eta hartu dugu ardura Akelarrea aurrera ateratzekoa. Hala ere, garbi utzi nahi dugu, Gazte Asanblada ez garela bi gazte bakarrik, Gazte Asanblada Hernaniko gazteek osatzen dutela. Eta haiei ere deia egin nahi genieke bileretara azaldu eta parte hartzeko.

Jenderik bildu al duzue aurtengo akelarrerako?
Itziar Arruarte: hitz egin dugun jendeak esaten du baietz, dantzatzera animatuko direla. Baina antzerkian parte hartzeari erreparo gehiago diote. Antzerkian aurten azken urteetan atera direnetako batzuk aterako dira, laguntzeko. Berriren bat ere animatu da. Hala ere, jende gehiago behar da, batez ere apaiza eta inkisidorearen papera egingo duena. Gainera, aurten apaizen egitazko trajeak lortu ditugu, oso eleganteak. Antzerkira animatzen diren neskak ere ongietorriak izango dira.

Mila Kintana: Dultzainajoleak ere falta zaizkigu. Dultzainarik gabe Akelarrea ez da gauza bera.
Monica Garcia: Ona litzateke, koadrilaka edo gazteak pertsonaje ezberdinak lantzen hastea: zirikoak, dantzariak, dontzeilak, zankoak, iratzez jantzitako pertsonajeak, eta abar.

Entsaioak egiten hasi  al zarete?
Itziar Arruarte: Oraindik ez gara hasi entsaiatzen. Ekainaren 3an, goizeko 11:00etatik aurrera, Gazte Txabolan auzolana egiteko deialdia egingo dugu, txabola txukuntzeko. Ttarlako dantzariak ere bertan izango dira San Joanetako aurreskurako dantza erakutsi eta entsaiatzeko. Horrekin batera, sorgin dantza ere erakutsiko dute, akelarrean dantzatzen dena. Tailerrak ere martxan jarri nahi genituzte: txapelak eta jantziak egiteko.
Ekainaren 3tik aurrera astean bitan entsaiatzeko asmoa dugu. Ekainaren 3a bitartean zerrendak jarriko ditugu herriko tabernetan, jakiteko gutxi gora behera zenbat bilduko garen akelarrea egiteko.

Nolakoa izango da aurtengo Akelarrea?
Mila Kintana: Ekainaren 23an zita egin dugu Paradorrean, arratsaldeko 19:30etan ateratzeko. Sorgin dantza dantzatuz herrian buelta egingo dugu eta 20:30ak aldera plazara iritsiko gara antzerkia egiteko. Bukatzean denok afaltzera joango gara.

Eta nola hasi zen akelarrea duela 20 urte?
Tito Mujika: Egaña tabernan hasi zen dena, San Joanetan akelarrea egin behar genuela eta elizaren inguruko ospakizun horren aurrean alternatiba bat nahi genuela. Festa paganoago bat nahi genuen, eguzki solstizioari lotutakoa.
Monica Garcia: Hasieran tailerrak  4 hilabete lehenago hasten ziren. Aurreneko urtean gutxienez 250 pertsona atera ziren akelarrean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!