BHren ustez Arau Subsidiario berriak egin ditu Udalak

Kronika - Erredakzioa 2006ko mai. 27a, 03:00

Bildu Hernanik, Arau Subsidiario proposamenari egindako alegazioa azaldu zuen atzo prentsaurrean eta prozesu guztiari buruzko bere iritzia eman zuen. BHren ustetan, Udalak Arau Subsidiarioen proposamenari egindako aldaketekin, Arau berri batzuk sortu ditu: ´1.500 etxebizitza gutxiago eta 30 industria hektarea gehiago aurreikusten dira; horrekin bakarrik, esan daiteke Arau berri batzuen aurrean gaudela`, dio. Plataformaren iritziz, Udalak herritarren presioa eta instituzio batzuen abisua jaso eta gero ´autoalegazio` bat egin zuen ´egindako hanka sartzea konpondu nahian`. Hala ere, salatu dute prozesuari ´itxura demokratikoa` eman nahi izan diotela baina azaldu dute Udalak ez duela zilegitasunik: ´3.661 bozka alde batera utzi dituelako`, dio.

Plenoa eta erakusketa
Arau Subsidiarioen inguruan, BHk azaldu du joan den martxoan plenoan onartutako guztia ez dela erakusketan jaso. Adibide bat jarri du: ´Plenoak alegazio informea onartu zuen eta informe horretan azaltzen da Epelen ez dutela industria poligonorik egingo, baina eremu horri dagokion fitxa ez dute erakusketan jarri; hori ez al da oinarrizko aldaketa bat?` galdetu dute BHko kideek. Horretaz gain, plataformak salatu du beste erakunde batzuen aginduak eta legediak dioena ez dela betetzen: ´uholde arriskua duten eremuetan edifikatu, ingurugiro eraginari buruzko azterketarik ez egitea...` aipatu dute. BHren ustez, herritarra ´babes legalik gabe` geratzen da horrelako prozesu baten aurrean. BHk azaldu du zenbait eremutan planteatutakoarekin ez daudela ados: ´Ados gaude AMR Floridatik ateratzearekin; baina hor zortzi pisutako etxeak aurreikusten dituzte Arauek eta AMRk egiten duen kaltea, kalte haundiago batekin konpontzea litzateke hori`, diote adibide bezala.

´Arauak ez dira onartuko`
BHren iritziz Arauak ez dira onartuko: ´Udalak beren produktu ‘izarra’ zituen Arau Subsidiarioak, baina orain zulo batean sartu da eta Diputazioak berak botako ditu atzera eta bestela tribunalek`, diote. BHk 2007ko hauteskundeak aipatu ditu: ´Orain arte Udalean izandako hutsunea, eta oposiziorik ez egotearen botere bizioa amaituko da orduan`, dio herri plataformak.

Pleno herrikoia ostegunean
Ostegunean pleno herrikoia egin zuen BHk eta hainbat mozio aurkeztu eta onartu zituzten herritarrek, besteak beste Arau Subsidiarioen inguruko bat eta kultur taldeei emandako dirulaguntzei buruzko beste bat. Ondoren manifestazioa egin zuten herrian barrena.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!