Mugikortasunari buruzko azterketa aurkeztu diote Udalari ikasleek

Kronika - Erredakzioa 2006ko mai. 27a, 03:00

ESKOLA Agenda 21 programa barruan, mugikortasunaren gaia aztertu dute Elizatxo, Urumea eta Langileko Lehen Hezkuntzako ikasleek, ikasturte honetan. Atzo aurkeztu zizkioten Udalari azterketaren emaitzak, pleno berezi batean. Udalak adierazi zuen ikasleek egindako eskaerak Batzorde ezberdinetan aztertuko dituela.

Ekintzak eta konpromisoak
Ekimenean 1, 2 eta 3 zikloetako ikasleek parte hartu dute. Ikasturteko lehen hiruhilabetean herriaren egoerari buruzko diagnostiko bat egin dute (semaforoak, zebrabideak, garraio publikoaren egoera...), bigarrenean hainbat ekintza burutu dituzte: eskolara bakarrik joan, ezinduen azalean jarri, soinu atsegin eta desatseginetaz jabetu... Hirugarren hiruhilabetean aldiz, hiru ikastolen artean egindako lanak batu dituzte. Azterketaren ondorioz ikasleek hainbat konpromiso hartu dituzte: Ikastolara oinez joan eta oinezko arauak ikasi, garraio publikoa erabili... Horretaz gain, Udalari eta herritarrei hainbat eskaera egin dizkiete, mugikortasuna hobetu eta kaleko arriskuak eragozteko.

Hainbat eskaera
Udalari:
- Espaloiak zabaldu eta bidegorri gehiago jarri.
- Bidegurutzetan semaforoak jarri edo udaltzainak egon daitezela.
- Ezinduentzako aldapak jarri eskaileratan eta bide ilunetan argi gehiago. 
Herritarrei:
- Kotxeak behar den lekuetan aparkatzea (zebrabide eta espaloietan ez).
- Kotxeen abiadura murriztu eta garraio publikoa erabiltzea.
- Txakurren jabeei, txakur kaka jasotzea eta Udalari jarraipena egitea.
Autobus eta taxistei:
- Segurtasun uhala jartzea, autobusetan eserleku gehiago...

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!