Datorren igandean Enkajeren Hernaniko Lehenengo Topaketa antolatu du Berriak elkarteak eta bertan ehun enkajera inguru biltzea espero dute. Topaketa Plaza Berrian izango da; hasiera batean Atsegindegin egitekoa zen, baina euria egin ezkero joango dira estalpe hartara. Goiz osoan zehar, 10:30etatik 13:30ak inguru arte, bolilloen bidez enkajeak egiten arituko dira: puntilak, mahai gaineko zapiak, kortinak... Horretaz gain, musika jarriko dute giroa alaitzeko eta Aurki, Marian mertzeria eta Haizea dendetako eskulanekin ere postuak jarriko dituzte.
Erdia Hernani eta ingurutik
Haizea dendako Karmele Mujikak azaldu dizkio Kronikari topaketaren nondik norakoak. Ehun enkajera horietatik erdiak Hernani eta ingurukoak dira eta horretaz gain, Nafarroatik ere etorriko dira. Ez da lehenengo aldia enkajeren horrelako topaketa bat egiten dela, joan den astean Lizarrako XVIgarren topaketa izan zen, esaterako. Baina Hernanin aurreneko aldiz bilduko dira zeregin horretan. Igandeko ekitaldian enkajera bakoitzari poltsa bana emango zaio ´bolilloentzako haria eta kartulinak emango dizkiegu`, dio Karmelek. Horretaz gain, enkajera zaharrenari lore sorta bat oparituko diote.
Afizioa gora
Karmele Mujikari bolilloen inguruan Hernanin dagoen afizioari buruz galdetuta, aipatu du afizioa gora dijoala: ´bolilloak Caceres edo Galizia aldean erabili izan dira batez ere, baina hemen gero eta gehiago egiten dira enkaje horiek`, dio. Mujikak azaldu duenez, Hernanin gero eta enkajera gehiago dira eta Elkano 17 Emakume Kultur Zentroko enkajerak aipatu ditu adibide bezala: ´Zentro horretatik mordoxka bat izango dira igandean Plaza Berrian`, dio.
Haragi Eguna
ekainaren 3an Enkajera topaketaren ondorengo asteburuan, urteroko Haragi Eguna egingo du Berriak elkarteak Gudarien plazan, ekainaren 3an, arratsaldeko 18:00etatik aurrera. Bertan saltxitxak eta saiheskia emango dute, edariarekin batera.