KOOPERAZIO taldeak gonbidatuta Victor Amado izan zen asteartean Biterin, Palestinako egungo egoeraz hitz egiteko. Kooperazio taldeak antolatutako jardunaldien barruan kokatzen da hitzaldia. Gaur ere izango da beste bat, zibilizazio arteko gatazkei buruzkoa, eta Antonio Segura Mas, arabiar munduan jakituna, izango da gaiari buruz hizketan. Arratsaldeko 19:30etan izango da, Biterin.
Osloko akordioa
Victor Amadok Palestina eta Israelen arteko gatazkaren errepasoa egin zuen, Osloko akordiotik gaur egungo egoeraraino. Osloko akordioa 1993 eta 1995 urteen artean sinatu zuten Tel Avivek eta PAEk (Palestina Askatzeko Erakundeak). Akordio honek zioen israeldar indarrak Gaza eta Zisjordaniatik atera behar zirela. Horrekin batera, palestinarrek eremu horretan autonomiaz gobernatzea onartu zen, Palestinako Aginte Nazionalaren (PAN) bidez. Gobernu honek 5 urte iraungo zituen, eta gobernuaren estatusa berriro ere negoziatuko litzateke. Osloko akordioak Gaza eta Zisjordania 3 zatitan banatu zituen: %7a PANen esku, %21a bi aldeen esku eta gainontzekoa Israelen esku. Victor Amadok esan zuen Osloko akordioa ez dela erabat bete.
Hauteskundeak
Osloko akordioak Palestinako instituzio sistema bat sortu zuten: PANeko presidenteak, ministro kontseiluak eta parlamentuak osatzen dute. Gobernu honek Gaza eta Zisjordanian agintzeko eskumena du, baina botere mugatuarekin. Horrez gain, ez du nazioarteko gaietan eskumenik. Urtarrileko hauteskundeen ondoren lehen ministro Ismail Haniya (Hamas) izendatu zuten. PANeko presidentea, aldiz, duela urte bete aukeratu zuten: Abu Mazen (Fatah). Egoera honek sekulako enfrentamendua ekarri du PANaren barruan. Hamasek polizia berri bat sortu du, aurretik zegoena presidentziari (Fatah) lotuta zegoela argudiatuta. Amadok azaldu zuen honek gerra zibila sortu dezakeela, baina, bi alderdiek azaldu dutenez, ez da hori nahi dutena, Israel horren esperoan baitago.
Hamasen jatorria
Victor Amadok Hamasen jatorriari buruz ere hitz egin zuen. Azaldu zuenez, aurreneko intifadaren (1987 urtea) testuinguruan sortu zen. Hamas 2006ko urtarrileko hauteskundeetara aurkeztu zen, ordura arte egin ez zuena, eta 132 eserlekutik 76 lortu zituen, gehiengo absolutua. Amadok azaldu zuen Hamasen ideologiaren zati batekin ez dutela bat egiten palestinar askok, baina urtetan egin duen lan sozialaren eskutik lortu duela garaipena: Hamaseko kideak medikuak dira eta leku askotara iritsi dira eta bere ideologia bultzatzen duten eskolak ere sortu ditu.