Bigarren saihesbideko obrak urrian hasi eta 2009an bukatu nahi ditu Diputazioak

Kronika - Erredakzioa 2006ko mai. 25a, 03:00

DONOSTIAKO bigarren saihesbidearen obrak urrian hasiko ditu Diputazioak eta 2009 urtean amaituta egotea espero dute. Garraio eta bide azpiegituretako arduradunen agerraldia izan zen asteartean, autobide berriari buruzko xehetasun guztiak azaltzeko. Bigarren saihesbideak 16,7 km izango ditu, Errenterian hasi eta Aritzetaraino, eta guztira 317 milioi euroko kostua du obrak. Lehenengo tramoa (Errenteria-Astigarraga) enkantera atera du jadanik Diputazioak eta urrian hasiko dira egiten. Hiru karril izango ditu norabide bakoitzean tramo honek.

Hernanin 2007an hasi
Hernanitik pasako den bigarren tramoaren obrak 2007an hasiko direla azaldu du Diputazioak. 4,5 kilometro luzeko bidea da eta bi karril izango ditu norabide bakoitzean. Autobidea Astigarragatik etorriko da (Urumeako autobidearekin lotura izango du), Etxeberri atzealdetik pasa eta Arizmendin tunel bat egingo dute. Ondoren, Galarreta, Zabalegi eta Chillida-Leku ondotik pasatuko da, Lasarten N-1 autobiarekin elkartzeko. Bestalde, autobideak ingurugiroari egin liezaiokeen kaltea murrizteko hainbat neurri hartuko ditu Diputazioak: pantaila akustikoak jarri, azterketa hidrogeologikoak, eta agroaldea bat eraiki, besteak beste.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!