Hernani, Astigarraga eta Usurbilgo Euskara zinegotziek, Buruntzaldean martxan jarri dituzten hiru kanpainen berri eman zuten atzo, Usurbilgo Udaletxean. Alde batetik, ileapaindegietan euskaraz hitz egiteko helburuarekin, Buruntzaldeko udalerrietako 77 ileapaindegitan (ileapaindegi guztien %85) hartutako neurriak azaldu zituzten: euskarazko aldizkarien harpidetza, prezio zerrenden itzulpenak... Gainera, eska ezazu orrazteko euskaraz liburuxkaren 9.000 ale banatuko dituzte (estetika gomendioak eta trukuak jasotzen ditu liburuxkak, euskaraz). Txema Merkado, Hernaniko zinegotziak azaldu zuenez, garrantzitsua iruditu zaie ileapaindegietan euskara sustatzea ´bilgune eta hitz egiteko toki ere badirelako`, esan zuen. Bestetik, eskualdeko 62 frutadendetan euskaraz idatzitako fruten errotuluak banatuko dituzte laster eta gainera liburuxka bat atera dute fruta bidez osatutako errezetekin, bezeroen artean banatzeko.
Errenta aitorpena euskaraz
Atzoko agerraldian, Buruntzaldeko Udaletako Euskara Batzordeek herritarrak gonbidatu zituzten errenta aitorpena euskaraz egiteko. Hernanin 11 lekutan egin daiteke aitorpena euskaraz.