‘Bai eskolak euskalduntzeari’ kanpaina bukaerako ekitaldia larunbatean

Kronika - Erredakzioa 2006ko maiatzaren 24a

Donostiako Boulebarrean ‘maniFesta’ antolatu dute, arratsaldeko 17:30etan, aldarrikapena eta festa batuta.

BAI eskolak euskalduntzeari kanpainari datorren larunbatean emango zaio bukaera, Donostian. Arratsaldeko 17:30etan manifesta aterako da Donostiako Boulebardetik, festa giroan antolatutako manifestazioa. Segidan kanpainaren inguruko balorazioa egingo dute eta aurrerago emango diren urratsen berri ere emango da.

Urtarrilean hasitako kanpaina
Kanpainaren bultzatzaileek gogorazi dute, kanpaina 2006 urtearekin batean hasi zela eta aldarrikatu dela eskolek ikasleak benetan euskaldundu behar dituztela: ´Eskolak gure ikasleria benetan euskaldundu dezan aldarrikatzeko lan trinkoa burutu da joandako azken lau hilabeteetan. Euskal Herriko euskalgintza eta hezkuntzako 15 eragilek hasitako prozesu horrekin, herri bakoitzean mota desberdinetako taldeek egin dute bat: kultur taldeak, kirol-arlokoak, gastronomikoak, ...baita herritar asko ere modu pertsonalean`. Hernaniri dagokionean, aipatu dute, erronka haundia izan arren sinadurak ´modu egokian jaso` direla eta herritar askok parte hartze zuzena izan dutela ere azpimarratu nahi izan dute.

Eusko Jaurlaritzaren egungo jarrera
Kanpainaren bultzatzaileek aipatu dute aurreko kontseilariak, Iztuetak, aitortu zuela indarrean dagoen hizkuntza politikak porrot egin duela. Aipatu dutenez, Eusko Jaurlaritzak berak egindako azterketaren emaitzak esaten du hiru ikasletik bi ez dela euskalduntzen. Horrekin batera azaldu dute oraingo kontseilariak, Tontxu Kanposek, ez duela egoeraren inguruan balorazio bera egiten: ´Kontseilari berriarekin batera gure herriko hizkuntza egoera boteprontoan aldatu da. Euskal Herriko ikastetxe askotan indarrean dagoen A eredua desagertzear omen dago. Nafarroan eta Araban galdetu besterik ez du egin behar edo Behatokiak egindako adierazpenak eta salaketak entzun besterik ez ditu egin behar, baita Iparraldean duten egoerari erreparatu ere. Egun A eta B ereduko matrikulak batuta gehiengoa dira`. Horrekin batera diote, esan dela B ereduak euskaldundu egiten duela. Horren aurrean diote 2004an Eusko Jaurlaritzak kontratatutako Aztiker taldeko ikertzaileek ez zutela gauza bera esaten. Bukatzeko adierazi dute euskaldundu gabeko ikasleak gero eta gehiago izateko arriskua dagoela: ´Ereduen politika bera da, ikastetxeetako baliabideak eta baldintzak berdinak dira, faktore desberdinak direla-eta, euskaldundu gabeko ikaslegoaren portzentajea handiagotzeko arriskua dago`.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!