KIROL Patronatuak konkurtsora aterako du kiroldegiko teilatua eta hainbat gune berritzeko proiektuaren lehen fasea. Fase honetan aurreikusten da frontoiko teilatua aldatzea eta tenis pistaren ordez estalitako gela batzuk jartzea. Horretaz gain, gimnasioa haunditzea ere aurreikusten du proiektuaren lehen fase honek. Frontoiko teilatuan eta tenis pistako estalpe berrian eguzki plakak jarriko dituzte gainera, argi indarra lortu eta ura berotzeko. Guztira 637.000 euroko kostua izango du obrak eta Patronatuak azaldu duenez asmoa da uztaila erdialdean hasi eta irailean amaitzea obra guztia. Hain zuzen, jende gutxien dabilenean egingo dituzte lanak.
Bigarren fasea 2007an
Bigarren faseari datorren urtean ekingo diote, ahal izan ezkero udara aldean. Obra horiekin bi pistetako teilatuak aldatuko dituzte. Teilatua beste material batekin egingo dute eta helburua da orain dauden itote arazoak eragoztea. Guztira 1.189.000 euroko kostua du azken fase honek.
Faseak (2006-2007)
Lehen fasea: Tenis pista estali eta frontoiko teilatua aldatu.
Bigarren fasea: Goiko eta beheko pistetako teilatua aldatu.
Gimnasioa haunditu
UDARA honetan egingo diren obrekin, gimnasioak 450m2 beharrean 670m2 izango ditu, karate tatamia tenis pista zegoen lekura pasako baita. Patronatuko arduradunek makinaria berria erosteko asmoa dute, elbarrituentzako egokitua. Gimnasioan gero eta jende gehiago ibiltzen dela azaldu du Kirol Patronatuak eta beharrezkoa dela instalazio horiek haunditzea. Hala ere, squash pista bere horretan utziko dute oraingoz.
Bestalde, tenis pistan eraikiko dituzten bi gelatako batean 150m2 inguruko tatami berri bat jarriko dute. Beste gelari ez diote oraindik funtzio zehatzik eman. yy