Sofia Arostegiren kartelak irabazi du San Joanetako kartel lehiaketa. Haurren aurreskua hartu du gaitzat eta joko polita eman dio, festen hasiera eta umeen poza irudikatzen baititu irudiak. Kartelean bi haur dantzari agertzen dira eta pozaz gain, mugimendua islatzen du. Epelen bizi den marrazkilariak San Joanekin eta Hernanirekin lotura duen zerbait atera nahi izan du kartelean, baina, sua baino originalagoa. Horri tiraka atera du gaia, eta argazki batetik abiatuta ordenagailuz egin du kartela.
Ez da Sofia Arostegik horrelako lanak egiten dituen lehen aldia. Bere ama margolaria da, Ana Mari Parra, eta berak afizioa eta eskua hortik hartu ditu, Kronikari aitortu dionez. Ingururako gauza gehiago egina da: Ereñotzuko Eskola Txikien Festako kartelak, egitarauak eta abarrak, disko azalak, logotipoak... horrez gain 6 urtez lan egin du animazio enpresa baterako ordenagailuz dekoratuak egiten, eta asko lagundu dio kartela ordenagailuz egiteko. Sari honek ilusioa piztu dio sariketa gehiagotara ere animatzeko, Kronikari esandakoaren arabera eta denbora atereaz gero lan gehiago egiten jarraituko du. Udalak, kartel irabazleaz gain, San Joanetako egitaraua onartu berri du. Orokorrean 2005eko egitarauaren antzekoa da, aldaketa batzuk gora behera.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!