Ongintza Patronatuak adinekoen laguntzari lotutako bi erabaki hartu berri ditu. Batetik, gizarte laguntzaile bat kontratatzea erabaki du, 65 urtetik gorakoen laguntza-beharrak zein diren aztertzeko. Bestetik, bono sistema bat ere jartzekoa du martxan, etxez etxeko laguntza sistemara sarbiderik izan ez duten familiek zerbitzua zuzenean kontratatu ahal izateko.
Egoera ezagutu eta zerbitzuen berri eman
Gizarte laguntzaile bat eta administrari laguntzaile bat kontratatzeko asmoa du Ongintza Patronatuak, etxez etxe 65 urtetik gorakoen laguntza-beharrak aztertzeko. Lehenagotik lan hau egina dago baserrietan eta orain herrian bertan egiteko asmoa du Ongintza Patronatuak. Honekin, adinekoen beharrak zein diren jakin ahal izango da eta ez dakitenei Patronatuak eskaintzen dituen zerbitzuen berri emango zaie. Andoni Amonarraiz Ongintza Patronatuko zinegotziaren hitzetan ´ezagutzen ez ditugun babesgabetasun egoerak daude, etxeko atetik barrura gelditzen direnak. Adinekoek euren beharrak zein diren esatea nahi dugu, horren araberako laguntza eman ahal izateko`. Nortasuna argitara Patronatutik jakitera eman dutenez, etxez etxe ibiliko den gizarte-laguntzailearen nortasuna emango dute jakitera, informazio kanpaina baten bidez, ´fede txarrez gizarte-laguntzailearen nortasuna hartu eta etxeetara joan daitezkeen pertsonen arriskua ebitatu asmoz`.
Bonoa gizarte laguntzarako
Ongitza Patronatuak emandako datuen arabera, gaur egun 70 pertsona dira Hernanin izena emanda itxaron zerrendan daudenak, etxeko lanak egin ahal izateko pertsona baten laguntza lortu ahal izateko. Etxez etxeko laguntza sistema erabiltzerik izan ez duten familiei bono bat lortzeko aukera emango die Ongintzak. Horren bidez, adinekoak zaindu ahal izateko norbait kontratatzeko aukera izango dute. Laguntza hau eskuratuko duten pertsonek frogatu beharko dute dirua helburu horretarako erabiliko dutela. Horren bueltan, Amonarraizek azpimarratu du euskal udalen batean, Ordizian kasu, bono sozialaren sistema dekretu baten bidez erregulatuta dagoela. Laster, Hernaniko udalak ordenantza bat adostuko omen du egitasmo hori aurrera atera ahal izeko.