Bildu Hernanik salatu du orain aste pare bat eskatu zuela Arau Subsidiarioei alegazioak jartzeko epea luzatzea, baina, Udal Gobernuak ´isiltasunarekin` erantzun duela eta ´gai honen inguruan daraman politika iluna eta ezkutukoa` berriz ere agerian utzi duela. BHk dio arau berriek Hernanirentzat 2.500 etxebizitza berri eta ´jada hainbat proiektutan onartutako beste 700 etxebizitza` aurreikusten dituztela. ´Beraz Hernanirentzat izugarrizko aldaketa aurreikusten da eta guzti hau ia-ia isilpean bideratu nahi du egungo Udal Gobernuak` nabarmendu du.
Bi eskari
BHk bi eskari egin ditu Arau Subsidiarioen proiektuen inguruan (bidalita bezala):
´1. Kontutan hartuta Hernani hurrengo 10-15bat urteetan zer izango den marraztu nahi dela, herritarrei parte hartzeko aukera luzatzea ez dirudi gehiegi eskatzea denik, beraz alegazioen epea hiru hilabete luzatzea eskatzen dugu.
2. Herritarren parte hartzea errazteko bitartekoak jartzea eskatzen dugu. Ez dugu uste nahikoa denik Biterin jarritako panelekin, proiektu hau herritarrengana hurbildu behar da: hitzaldiekin, mahainguruekin, eztabaidekin,… Ekimen horiek ere hainbat auzotan egitea guztiz beharrezkoa dela uste dugu, esaterako Santa Barbaran, Sorgintxulon, Osiñagan, Portu-Karabel,… bertan onartu nahi baitira gure ustez oso kaltegarriak diren hainbat proiektu`.
Alegazioak aurkezteko eskaria
BHk herritarrei gogoratu arazi die Arau Subsidiarioen proiektuari alegazioak aurkezteko epea maiatzaren 23a arte irekita dagoela ´eta zailtasunak zailtasun jendea alegazioak aurkeztera animatu nahi dugu`.