Iñaki Esnalek irabazi egin zuen txapelketako lehen partidua, Aldazabalekin

Kronika - Erredakzioa 2006ko mai. 17a, 03:00

iñaki Esnalek garaipenarekin hautsi zuen 3 hilabeteko geldialdia, astelehenean Lantziegon. Berak eta Aldazabalek 22-19 irabazi zioten Urionaguena-Jaiori, bi bitako txapelketako lehen partiduan. Esnalek berak partidu oso ona ez zela izan nabarmendu du, neurri batean frontoiak berak eraginda: ´frontoi berria egin dute Lantziegon eta oso irregularra da. Partidua ez da oso ona izan baina, berdindua bai, eta azkenean irabaztea lortu dugu`. Josu Oiaga, Hernaniko aurrelari biziak, berriz, ostiralean eman zion hasiera txapelketari, baina, ezin izan zuten partidua aurrera atera berak eta Pradok; 22-19 galdu zuten Iriarte eta Nicolasen kontra. Botivolea enpresako pelotariak elkarren aurka ari dira jokatzen txapelketa hasiera eta bi bikoterik onenek jokatuko dute, Ordago, Garfe eta gainerako enpresetako pelotarien aurka.

Udarako esperantzan
Iñaki Esnalek Kronikari esan dionez, hiru hilabete zeramazkien partidurik jokatu gabe astelehenera arte. Enpresa txikietan dabiltzan pelotari askoren egoera da hori eta horrek jokoan asko eragiten du. Eskuak ondo egin gabe eta desenkantxatuta ateratzeko arriskua du partidu gutxi jokatzen duenak eta Esnalek esperantza du Udaran gehiago ibiliko direla: ´orain hasten dira herrietako festak eta jokatzeko aukera gehiago izaten dugu`.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!