Larrialdi kimikoetarako sirenekin simulakro bat egingo dute hilaren 26an

Kronika - Erredakzioa 2006ko mai. 17a, 03:00

LARRIALDI Kimikoen inguruan martxan jarritako kanpainaren berri emateko prentsaurrekoa izan zen atzo Udaletxean. Bertan izan ziren Joxan Rekondo alkatea, Maria del Yermo Herrizaingo sailburuordea eta Mari Carmen Urbieta larrialdietarako zuzendaria. Hernanin hartutako neurrien xehetasunak azaldu zituzten prentsaurrean eta jakinarazi zuten datorren ostirala zortzi, hilak 26, simulakro bat egiteko asmoa dutela Epele, Ibarluze eta Ereñotzun jarritako sirenekin. Hala ere, argitu zuten simulakroan herritarrek ez dutela beste neurririk hartu behar izango eta sirenen soinura ohitzea izango dela helburua, sistemak ondo daudela probatzearekin batera. Del Yermo sailburuordeak azaldu zuenez, oraindik ez dute zehaztu simulakroen maiztasuna: ´Simulakroak garrantzitsuak dira, baina ez ditugu horiekin herritarrak despistatu nahi`, esan zuen.

´Egoerarik txarrenean`
Joxan Rekondo alkateak azaldu zuenez larrialdi eremua ahalik eta gehien handitu dute eta bere hitzetan hartutako neurriekin ´Hernani prestaturik dago larrialdi kimiko bati aurre egiteko`. Larrialdi eremua enpresa kimikoetatik 1.500 metro ingurura arte iristen dela azaldu zuten atzoko prentsaurrekoan eta ´egoera txarrenean` jarri direla: ´sirenarik ez badu entzuten, herritarra lasai egon daiteke, larrialditik kanpo dagoela esan nahi baitu horrek` azaldu zuen Urbieta zuzendariak. Laino toxiko bat sortu ezkero, haizeak laino hori larrialdi eremutik kanpo eramateko arriskuaz galdetuta, larrialdietako arduradunen iritziz haizeak arriskua gutxituko luke: ´Haizeak laino toxikoa dispertsatuko luke, haren eragina gutxituz; okerrago litzateke atmosfera egonkor batean, orduan lainoari kosta egingo litzaioke desagertzea`, azaldu zuten.

Hernani, sirenak jartzen diren hirugarren herria
Lehengo urtean Muskitz eta Lantaronen jarri zituzten sirenak eta Hernani da Jaurlaritzak sistema hau jartzen duen hirugarren herria: ´Uste dugu, soinu-alerta sistema dela hoberena laino toxiko bati aurre egiteko, azkarra eta eraginkorra delako` adierazi zuen Del Yermok. Europar araudiak ere sirenen sistemari ematen dio garrantzia, atzo azaldu zutenez. Orain informazio kanpainarekin jarraituko dute eta eskuorriak banatzeaz gain, panel fijoak jarriko dituzte eraikin publikoetan eta baita kalean ere.

Suhiltzaileak enpresa kimikoetan
UDALEKO prentsa zerbitzutik Kronikari jakinarazi diotenez, Donostiako suhiltzaileak larrialdi simulakroak egiten ari dira enpresa kimikoen barruan. Simulakro hauek enpresa bakoitzak diseinaturiko Barne Larrialdietarako Planarekin loturik daude. Hain zuzen, ostiralean UBIS enpresan izandako istripuan simulakroak egiten ari diren suhiltzaileak izan ziren, istripua gertatu zen lekutik gertu baitzeuden.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!