ARALARREK Hernaniko Kronikara idatzi bat bidali du eta adirazi du onartezina dela EAJ-EAak ezezkoa eman izana beren proposamenari: herriarteko autobus linietan jarri nahi den bonobus sisteman irizpide sozialak erabiltzeari. Alderdiak dio, 2006ko foru aurrekontuetan herriarteko autobus lineatan bonobus sistema ezartzeko partida sartu zela, Aralarren ekimenez: ´Ideia onartua izan zen, aurrera eramateko diru eta guzti. Gaur egungo eztabaida da zer nolako autobus sistema jarri behar den martxan: Foru Aldundiak fidelizazioaren alde egin du; guk horri deskontuak ezartzeko orduan irizpide sozialak gehitu nahi dizkiogu`. Aralarrek ideia hori jasotzen duen ekimena aurkeztu zuen Batzar Nagusietan, PSE eta Ezker Batuarekin adostuta. Atzo izan zen Lurralde Antolaketa eta Sustapeneko Batzordean baztertu egin zen ekimen hori: EAJ eta EAren ezezko botuekin, eta PPren abstentzioarekin.
Proposatutako irizpideak
Aralarrek proposatu zuen bonobusean gutxienez %50eko deskontua ezartzea honako taldeei: -Oinarrizko errenta jasotzen dutenei. -Elbarritu eta langabetuei. -18 urtetik beherakoei eta ikasleei. -65 urtetik gorakoei, beren errentak gutxieneko soldataren doblea gainditzen ez badute. -Familia guztiei, familian dauden 18 urtetik gorakoen diru sarreren batazbestekoak ez badu gainditzen gutxieneko soldata. Aralarko bozeramailea den Rebeka Uberak adierazi du garraioa oinarrizko beharra dela eta Diputazioak kontutan hartu behar lukeela ´denek ez dutela gaitasun ekonomiko berbera`.