Haur eskolako datorren ikasturteko plazak zozketatuko dituzte bihar Udaletxean, goizeko 10:00etan. Datorren ikasturtean 40 plaza izango dira 0-1 urtekoentzako, oraingo kurtsoan baino 22 plaza gehiago. Hala ere, eskaria askoz haundiagoa da oraindik ere eskaintzen diren lekuak baino. 40 plazatatik 2 emanak daude dagoeneko (lehentasuna baitute anai-arrebaren bat haur eskolan dutenek) eta 62 lagun badira 38 plaza horietarako izena eman dutenak. Zozketa irekia izango da bihar, 10:00etan Udaletxean, eta etzi jarria egongo da onartuen zerrenda arkupetako tabloiean.
Aurten leku gehiago
Haurtzaindegi berrian hasiko dute datorren kurtsoa neska-mutilek, eta aurten baino leku gehiago izango dira aukeran. 1-2 urte artekoentzat 24 leku daude orain eta datorren kurtsoan 52 leku izango dira. Udaletxeko hezkuntza zerbitzutik jakitera eman digutenez, itxaron zerrendako jendeari deitu diote plaza berri horiek betetzeko, alegia, lehengo urtean zozketan atzera gelditu edo epez kanpo izena eman zutenei. 2-3 urte artekoentzat ere bada lekua haurtzaindegian, baina adin tarte horretan, gutxi dira izena ematen dutenak, ikastola edo eskolan hasten baitira.