PELOTA, bertsoak eta baserritarrak; horiek guztiak San Isidro festako protagonista bihurtu ziren Hernanin. Festa ederra antolatu zuten Tilosetan baserritarren eguna izaki, eta jende mordoa hurbildu zen eguerdi partean, mokadu bat jan eta bertsoz eta kirolaz gozatzera.
Emakumezko eta gizonezkoen pelota partiduak
Bi pelota partidu antolatu zituzten Tilosetako frontoian. Emakumezkoetan, Maider Mendizabal anoetarrak eta Eulateko Maite Ruiz de Larramendik irabazi zuten, Patricia Espinar abadiñotarra eta Amurriotik etorritako Miren Sarasola 14an utzita. Gizonezkoetan, Hernaniko laukoteak jokatu zuen, eta Alvarez-San Sebastian 22-16 nagusitu ziren Gaskon-Gorrotxategiren aurka. Partiduak girotzen Zelaia eta Irazu bertsolariak aritu ziren kioskotik, eta sagardoa eta txorixo pintxoak ez ziren falta izan. San Isidro egunak berea eman du, baina, baserritarrak izango du lanik, dela baratzean, dela belarretan. Izan ere, Zelaiak atzo esan bezala, nori bururatu ote zitzaion baserritarren eguna belar garaian jartzea...