Hiru egunetako ongi etorria

Kronika - Erredakzioa 2006ko mai. 15a, 03:00

Agustinetako monjak etorri dira Hernanira, hiru urte Araban pasa eta gero, eta ongi etorri bezala kontzertuak izan dituzte, ostegun, ostiral eta larunbatean.

hiru kontzerturekin eman zaie ongi etorria Agustinetako monjei, hiru urte Arabako Artzeniega herrian pasa eta berriz etorri direnean. Hiru kontzertuetan bete egin da Agustinetako eliza, eta ikusentzuleek aukera izan dute era guztietako musika eta doinuak entzun eta gozatzeko.

Hiru kontzertu, hiru betekada
Ostegunean Ozenki eta Kantuz abesbatzak izan ziren Agustinetan kantuan. Bakoitzak bere errepertorioa eraman zuen eta 6na kanta eskaini zituzten. Elkarrekin kantatu zituzten azken hiru abestiak. Ostiralean Koro Saez organistak eta Jose Inazio Ansorena txistulariak kontzertu oso dotorea eskaini zuten, txistua eta organoa ezin hobeto konpajinatuta. Larunbatean, bukatzeko, Joxan Goikoetxeak eman zuen kontzertua, eta bakarkako lan ederra eskaini zuen, ordu eta gehiagoan. Akordeoilariak erakustaldia eman zuen eta zenbait momentutan zirrara eragin zien ikusleei.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!