Trinitatera irteera: erromeri eta mendi ibilaldiaz gozatzeko aukera

Kronika - Erredakzioa 2006ko eka. 11a, 03:00

Mendiriz mendi - Uztaila hasierarako irteera antolatu du mendiriz mendik Trinidadera, Nafarroara. Elkarteak uztailaren 9an egingo du irteera baina ekaina ere garai polita izaten da inguru hauek bisitatzeko. Izan ere Trinidade gainaldean dagoen ermita txurian erromeria egiten dute Mendekoste egunean eta jendetza biltzen da bertan. San Adriango ermita ere inguruan dago eta han ere erromeria egiten dute ekainaren 16an. Egun horretan ezkondu berri den azken bikotea gurdi batean igotzen dute ermitara.

Nola iritsi Trinidadera Hernanitik

Hernanitik Altsasura jo behar da N-1 errepidetik. Altsasun sakanako autobidea hartu eta Irurtzun aldera joan behar da. Etxarri-Aranatzen Lizarragako mendate aldera doan errepidea hartu, Lizarrako norabidean. Lezaun herrira joateko bidegurutzea topatuko dugu eta ezkerretara jo behar da. Lezauneraino joan beharrean Errezura joango gara, bertan hasten baita ibilbidea.

Ibilbidearen deskripzioa

Errezutik irten eta gora egin behar da, iparmendebaldera, Ubagua ibaiaren iturburuaren bila. Iturburua pasa eta gero Erbiozeko arroilan sartu behar da. Lezaun herriko araztegira iritsi bitartean arroil ondotik ibiliko gara. Arroileko bide garbia jarraituz inguruko morfologia eta egitura ikusgarriaz gozatzeko aukera izango da.

Araztegira iristerakoan, eskubira jo behar da, ipar aldera, Erbiozko sakana jarraituz. Pixkanaka-pixkanaka altuera hartzen joango gara. Goiko larreetara iristerakoan Lezaungo Udaleko lurrak Andiakoetatik banatzen dituen harrizko hesi luzearekin topo egingo dugu. Gora jarraituz, berehala iritsiko gara Trinitate gainaldeko paraje lau eta zabalera.

Trinitate gainaldearen puntu garaiena (Malkasko 1.235 m) zapaltzeko asmoa dute Mendiriz Mendi elkartekoek, uztailan egingo duten irteeran. Hemendik atzera egin, eta Trinitateko ermita zurira hurbildu dira gero. Ermita XIII. mendean eraikitakoa da eta 1994an berritu zuten. Mendekoste egunean ospatzen den erromerian jendetza biltzen da inguruan.

Indarrak berreskuratu eta gero, behera egin behar da, Iturgoien herrira jaisteko, Obantze sakanetik jota. Horretarako ermitatik iparrekialdera hartuta, larreetatik behera, sakanean dagoen pistaren bila joan behar da. Gero pista jarraitu besterik ez da egin behar.

Basoan, pagadian sartuta behera jarraitu Ogantzia sakana aldera. Bidean, nahi duenarentzat aukera izango da San Adriango ermita bisitatzeko. Horretarako, bidea utzi eta pistaren bigarren bidegurutzean ezkerrera jo behar da. Ermita txikia da baina dotorea, bere aldare eta guztikoa. Trinitatekoak bezala, honek ere badu bere erromeria. Ekainaren 16an egiten da. Egun horretan ezkondu berri den azken bikotea gurdi batean igotzen dute ermitara.

Pistara itzuli eta honen amaieran dagoen Iturgoiengo (707 m) kale aldapatsuetara iritsiko gara. Ibilbidea Lezaunen amaitzen denez, berriz ere Erbiozko arroileko bidea hartu behar da. Horretarako herriaren mendebaldean dagoen burdinezko ate gorri batetik hartzen den gurdi bidea jarraitu behar da. Bidegurutze batera iristerakoan, eskuinetara jo. Bideak arroilak ikusi ahal izateko balkoi moduko batera eramango gaitu. Arroilen hondora jaitsi ondoren igoeran egin dugun bide zatitxoa errepikatzea besterik ez da falta amaierara iristeko. Araztegira iristerakoan pistatik gora jarraituta herrigunera iristen da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!