Luis Evelis Andrade kolonbiarra izan zen Hernaniko udaletxean joan den asteartean, indigenen giza eskubideekin zerikusia duen proiektu bat azaldu eta diru laguntza eskatzen. Berez, eskaera epez kanpo egin dute, baina, horren arrazoia eman zuen: ´Europar Batasunak hitz eman digu proiektuaren bostetik lau berak finantziatuko duela, baina, eskatu digu europa barruko beste instituzioetatik lortu behar dugula falta den partea eta horretan ari gara`. Joxan Rekondo alkateak eskaria aztertuko zutela eta ´elkarlanerako aukerak izatea` espero zuela nabarmendu zuen.
Giza eskubideak
Udalean aurkeztutako proiektua indigenen giza eskubideak errespetatzeko formazio eta promozio egitasmoek osatzen dute eta ONICa osatzen duten 84 herrietan jarri nahi da indarrean. Indigenak eta beren arduradunak horretara formatzea izango da proiektuaren muina, Hernanin azaldutakoaren arabera.
Multinazionalen interesak, indigenen hondamendi
Kolonbiako indigenak egoera oso larrian daude, Luis Evelis Andradek azaldu duenez. ´Gobernuak gerrilari leporatzen dio erantzukizuna eta horren aitzakian zibilen kontra egiten du` azpimarratu zuen. Horren guztiaren atzean, ordea, multinazionalen makroproiektuak daudela salatu zuen: ´aberastasun haundiko lurrak ditu Kolonbiak petroleo, urre, egur eta abarretan eta multinazionalek indigenak desplazatu nahi dituzte aberastasun horien jabe egiteko. Arazoaren muina hori da`.