MIKEL INSAUSTI - Birmania herrialde nahiko ezezaguna da. Ez dakit zergatik, baina herrialde bat bisitatzen dugunean askotan nolabaiteko aurreirudia egiten dugu, eta gehienetan errealitatearekin zerikusi gutxi dauka. Bangkok-en, Tailandian, liburu mordo bat erosi nuen Birmaniako historiari buruz. Ikasi nuen lehen gauza Birmania kolonia Britaniarra izan zela, esatebaterako Indiako probintzia bat izan zen kolonia garaian. Bigarren Gerrate Mundialan Birmaniak sekulako garrantzi estrategikoa izan zuen. Txina japoniarren erasopean zegoen, eta Txina laguntzeko Aliatuek erabili zezaketen bide zuzenena Birmania zeharkatuz zen, Indiatik. Gudatalde aliatuen eta japoniarren arteko batailarik gogorrenak Birmanian eman ziren. Rangoon-etik ordubetera Aliatuen hilerria dago, eta hura bisitatu nuen goiz batean. Milaka lagun daude bertan lurperatuak, gehienak Gurkak eta Indiako soldaduak, Britaniarren agindupean burrukatu zutenak. Lurperatutako soldadu batzu 19 urte besterik ez zuten. Gudatalde aliatuek, borroka luze eta bortitz baten ostean, japoniarrak bota zituzten Birmaniatik. Ordurako Birmaniako mugimendu nazionalista indartsua zen, eta Britaniarrengandik independentzia aldarrikatu zuten. Mugimendu nazionalistaren burua Aung San Generala gaurko oposizio buruaren aita. Ez zen erreza izan, baina negoziazio luze baten ostean Erresuma Batuak independentzia bermatu zion Birmaniari 1948ko urtarrilean. Hilabete batzu lehenago, 1947ko uztailean, Aung Sang Generala erahil zuten, bere Gabinete osoarekin batera. Aung San Generala Birmaniaren fundazioaren aita da, eta gaur egun, jendeak Birmania osoan izugarri maite du. Baina Diktadura militarrak Aung San-en oroitzapena ezabatu nahi du, eta Rangoonen dagoen bere giza irudia bisitatzea debekatu egin du. 1948 urtean Birmania, Asiako herrialde aberatsenetakoa zen. Aung San-en erahilketak, Birmania gerrate zibil batean murgildu zuen. Nolabait, Aung San-ek Birmaniako oreka etnikoaren bermea zen, Birmaniako hainbat etniek beregan konfidantza zuten eta. Bera joanda, oreka etnikoak eztanda egin zuen, eta Birmaniako mugetan bizi diren etnia ezberdinak armak hartu zituzten Rangoon-eko gobernuaren kontra. Geroztik, Birmaniako historia benetan trajikoa izan da. Eta batezere 1962. urtetik geroztik, non Gobernu Militar batek botere guztia beregan hartu zuen. Gaur, Birmania Asiako herrialderik pobreenetakoa da. Giza eskubideak sistematikoki bortxatzen ditu Gobernuak eta ejerzitoak. Mila preso politiko baino gehiago daude. Ez dago inolako askatasunik. Polizia sekretuak milaka begi ditu. Eta gobernuaren kontra zerbait esaten baduzu, gartzelara joan zaitezke urte askotarako. Birmaniako Iparraldean nengoela, Hsipaw izeneko herrixka batean, bertako Shan Printzearen jauregia bisitatu nahi nuen. Hsipawn txirrina bat alokatu eta bertara hurbiltzeko bidea galdetu nuenean, jendeak ez joateko keinua egin zidan behin eta berriro. Azkenik gizon batek esplikatu zidan Printzearen iloba gartzelan sartu zuela gobernuak joan den urtean, zazpi urtetarako. Bere delituaz galdetu nuenean, hurrengo erantzuna jaso nuen: `Turista atzerritar batzuen aurrean Gobernu militarra kritikatu zuen. Dirudienez turista hauen gidak poliziari esan zion, eta gartzelean sartu zuten`.
Jendearen goxotasuna
Junta Militarraren bortizkeria honen kontra, jendearen goxotasuna hunkigarria da. Familiakoa izan bazina bezala agurtzen zaituzte, beren etxeetara gonbidatu...Elkarrekin bidaiatuz gero, trenean, autobusean, ala ontzian, beren janaria eskainiko dizute, eta ezetz esaterik ez dago! Aiton-amonen goxotasuna ekartzen didate gogora Birmaniako jendeak. Norbere buruekin bakean daude, eta munduarekin bakean daude. Gehien hunkitu nauena, ordea, Birmaniarren begiratzeko modua da. Beren bihotzetatik begiratzen zaituzte. Gogora datorkit bereziki Birmaniako iparraldeko herrixka batean ezagututako monje budista baten begirada. Bere monastegira gonbidatu ninduen bazkaltzera arratsalde batean. Nahiz eta berak ingelesik ez hitzegin, eta neronek Burmes hizkuntzako hamar hitz baino ez ezagutu, bere begiek hizkuntza uniber-tsal bat hitzegiten zuten. Begirada horren atzean ez zegoen gizon bat bakarrik. Zerbait transzendentala sentitu nuen bere begiradan. Orduan jakin nuen, duda izpirik gabe, Junta Militarren bortizkeriak ez duela jendearen gauzarik sakratuena apurtu, beren ontasuna, berotasuna, bihotza. Birmania herrialde berezia da, eta beste herrialde batzu ez bezala marka haundia utzi du niregan.