Baratzan entsaladako generoa egiten da gehiena; eltzekoa, gutxiago

Kronika - Erredakzioa 2006ko mai. 14a, 03:00

Tomatea, letxua, tipula, porrua, azelgak eta ilarrak dira Hernaniko baserritarrek gehientsuena egiten dituztenak. «Egitea errexa da, saltzea da zaila», dio baratzera dedikatzen den batek, baina, etorkizuna baduela uste du.

Hernaniko baserri munduan baratzak pisu haundia du. Denera, bederatzi esplotazio daude, esnetan ari diren baino bat gehiago. Eta baratzak ere erakusten du zerbait gaurko bizimoduaren berri. «Presaka bizi gara eta jendeak lan gutxi eskatzen dion otordua jaten du askotan. Baratzan ere hori antzematen da: gehiena entsaladako jeneroa egiten da. Eltzekoa ere bai, baino gutxiago» dio erabat baratzera dedikatzen den hernaniar batek. Tomatea, letxua, tipula, porrua eta azelgak dira gehiena egiten direnak. Patata, azenario, aza, koliflora, babarrun eta abar ere bai. Ilarrak eta gindillak ere dezente.

Kanpo librean eta negutegietan

Hernaniko baserritarrek kanpo librean eta negutegietan egiten dute lana. Badira inguruko herrietan lurrak alkilatu eta produkzioaren zati bat beste herrietako baratzetan egiten dituztenak ere. Produkzio barietateari dagokionez, joera diferenteak daude. Batzuk, produktu gutxi batzuen bueltan zentratzen dira (bi tomate esplotazio fuerte daude Hernanin). Besteek, berriz, produkzio zabalagora jotzen dute. Produkzio sistema berriak ere badaude Hernanin. Esaterako, badira tomateak hidroponikoan: tomate landareak lurrik gabe hazten dira, mineral eta propietateen bidez. Negutegietan kalefazioa ere badago, eta batez ere izotzak landarea ez galtzeko erabiltzen da. Landarea jarritako tokian belarrik ez hazteko berriz, plastiko beltza jartzen dute.

 «Egitea ez da arazoa, saltzea da arazoa»

Baratzetik bizi den Hernaniko baserritar baten hitzak dira. Puntu jakinetatik aparte (Hernaniko arkupeak, Donostian Bretxa eta San Martin, Bugati zentroa...) bakoitza bere kasara moldatzen da bere generoa saltzeko. Herriko eta inguruko denda txikietan ez ezik, haundietan ere saltzen dute, (Eroski, Superamara...). «Uste dut superfizie haundi horiek ere hasi direla konturatzen hemengoa ere saldu beharra daukatela». Merkatuak geroz eta kalitate haundiagoa eskatzen die baserritarrei, eta irudipena dute zenbait kasutan kalitatea zer den ere nahastuta ote gabil-tzan. «Jendeak ona bakarrik nahi du, eta baratzan ona bakarrik zaila da, eta zer egiten duzu beste guztiarekin? Eta, ona, zer da ona, gainera? Guk lehen azenarioa asko egiten genuen. Kanpotik etorri zen tornuan bezela egindako hori, eta orain hemengoa inork ez du nahi begirako hain polita ez delako». Nolanahi ere, bada autokritika egin eta uste duenik merkatuak asko irabaziko lukeela hemengo generoaren izenean saltzen den guztia benetan bertakoa balitza. Barazkigileek badute beren labela ere, Euskal baserri. Batzuk produkzio ia osoa saltzen dute labelarekin eta besteek zati bat.

Lurra gero eta gutxiago

Baratzetik bizi diren baserritarrek lur falta dute arazoetako bat, eta gainera ikusten dute pixkana kentzen ari zaizkiela industria edo azpiegitura haundien mesedetan. Hiru adibide aipatzera, A-8 autopistako zabalgunea Jauregitik pasako da eta gaur egun baratza diren lur dezente jango ditu. Urumeako autobideak ere, berdin, Urnietarako bidean. Abiadura Haundiko Trenak eta Arau Subsidiario berriek ere Altzueta inguruko erriberari koska jango diote.

Meza, pelota, bertsolariak eta bazkaria bihar

Azken urteetako martxari eutsiz, aurten ere baserritar eguna ospatzeko ekitaldiak izango dira Hernanin. Goizeko 11:00etan meza izango da San Juan Bataiatzailearen parrokian. 12:00etan berriz, eskuzko pelota partiduak eta bertsolariak izango dira Tilosetan. Pelotan, eskuz binaka, Patrizia Espinalek eta Maite Ruiz de Larramendik Nagore Arozena eta Maider Mendizabalen kontra jokatuko dute. Bigarren partiduan, Unai Alvarezek eta Ioritz San Sebastianek Jagoba Yubero eta Aitor Gorrotxategiren kontra. Bertsotan, berriz, Iñaki Zelaia eta Jexux Mari Irazu arituko dira. Ondorenean, bazkaria izango da Santa Barbara elkartean

  • 27 Baserri Hernanin Hernanin 27 baserri daude beren bizibidea baserriko lanetik ateratzen dutenak.
  • 9 baratzera eta 8 esnetan Esplotazio gehienak baratzera eta esnetara dedikatzen dira. Bederatzi dira erabat baratzagintzan dabiltzanak. Zortzi esne produkzioan dabiltza. Beste zortziek baratza eta ikuiluak biak egiten dituzte. Azkenik, bi ardi esplotazio daude Hernanin. Gaur egunean 180 baserri daude eta terrenoa duten etxeak eta baserri zaharren ondoan egindako berriak kontatuta, 235 dira denera.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!