«Litekeena da baserriko egoerak buelta hartzea, baina, beste era batera»

Kronika - Erredakzioa 2006ko mai. 14a, 03:00

Kepa Urreaga, Agerre baserriko semea da eta bera da Hernanin esnetara dedikatzen den baserritar gazte bakarra. Hernanin zortzi baserri ari dira esne produkzioan. Sektore guztian, 100 lanpostu inguru daude.

Baserritar egunean ez da aurpegi gazte gehiegi ikusten Hernanin. Egoera ere halakoxea da. Gaur gaurkoz, eta esne produkziora dedikatzen diren esplotazioak kontuan hartuta, erabat baserritik bizi den gazte bakarra dago Hernanin. Gipuzkoa osoan ere 5-6 daude gazteak. Prezio bajuek, behar besteko laguntzarik ezak, baserritarren lana aintzat ez hartzeak eta lan lotuak piskanaka baserria galtzea ekarri du, Kepa Urreagaren ustez. Eta horri buelta ematea zaila ikusten du. Sumatzen du zenbait ingurutan bertako produktuen aldeko sentsibilitatea sortzen ari ote den, eta hor egon liteke etorkizuneko baserriaren hazia. Izatekotan ere, aldaketa epe luzera etorriko dela uste du Urreagak, eta beste era batera. Nola, ez du garbi ikusten. Gaztea izan eta esplotazio berriak jartzeko laguntzak badaude gaur egunean, baina, izugarrizko inbertsiotan sar-tzea eskatzen du. Hala ere, banaka, baina, badira kasuak. Urnietan, gazte batek fabrika utzi eta ardiak jarri ditu pabeloi haundi bat egin da. Aizarnazabalen, gazte batek esne esplotazioa jarri berria du hutsetik hasita.

30 behi errentagarri izateko

Esne esplotazio bat errentagarri izango bada 20-30 behitik gora behar omen ditu, (esnea ematen ari direnak) erabat hortik bizitze ezkeroz behintzat. Beste gauza bat da familiko norbaitek kanpoan lan egitea, edo lehen egin izana eta jubilazioren bat jasotzen aritzea eta abar. Hernanira begiratuta, denetik dago. Bada larogei behi inguru jeizten dituenik (100dik gora buru, bigara eta guzti) eta hamar burutik beherako baserriak ere badira. Esplotazio fuertentsuenak 30-40 buru edo gehiago jeizten dituzte, eta bigara eta guzti 50-80 buru dituzte.

Esne litroa 32 zentimotan saldu eta 80an kalean

Hernaniko baserritarrek Kaikuri saltzen diote esnea. Esnearen prezioa gauza askoren gora-beheran dago, baina, batez beste litroko 31-33 zentimotan saltzen dute eta dendetan 80 zentimo bueltan dago, marka horretako esnea. Baserritarretan iritzi zabaldua da hemengo esne konpainiek kanpotik ekartzen dutela esne asko. Irudipena dute bertako esnea, hobeto ordaindu eta bultzatu beharrean, irudirako erabiltzen ote duten.

Elkarlana, konplikatua

Gaur egunean baserriko lan asko makinaz egiten da: traktore eta segadora haundiak, kosetxadorak, behi jeizteko gela eta robotak, belar ontzeko makina. Horietatik, Hernanin robotak ez beste dena daude gaur egunean. Makinak inbertsio haundiak eskatzen dituzte eta elkarlana zaila da. Baserrian eguraldiak asko agintzen du eta denek garai berean behar dute makinaria bera. Batek besteari utzi eta horrelakoak egiten dituzte, baina, gaur egunean, bakoitzak bere makinaria du. Langile aldetik ere elkarlana konplikatua da baserrian. Oporrak hartu edo egunen bat libratzeko ordezko zerbitzuak-eta egon badaude, baina, ez da hain sinplea. Behiak jeizteko ganadua ezagutu egin behar da, behiren batek errapeko arazorik duen jakin behar da eta deskuidorik txikienean esnearen prezioan izugarrizko beherakoa etorri liteke. Arrisku gehiegi. Jaten aldetik ere gauza aldatu da. Belar berdea gero eta gutxiago ematen zaie eta ondu ere lehen baino gutxiago egiten da. Gehiena bola egiten da. Orain, esplotazio haundi xamarretan mezkladorak dituzte, zisterna haundiak. Bola, belar ondua, pentsua, artoa, eta abar bota, bertan nahastu eta hura ematen zaie jateko. Egunero ganadu jatenak egiten ibili beharrik ezaz gain, bentaja nagusia du janari ekilibratua dela, eta hori garrantzitsua da esnetarako.

Meza, pelota, bertsolariak eta bazkaria bihar

Azken urteetako martxari eutsiz, aurten ere baserritar eguna ospatzeko ekitaldiak izango dira Hernanin. Goizeko 11:00etan meza izango da San Juan Bataiatzailearen parrokian. 12:00etan berriz, eskuzko pelota partiduak eta bertsolariak izango dira Tilosetan. Pelotan, eskuz binaka, Patrizia Espinalek eta Maite Ruiz de Larramendik Nagore Arozena eta Maider Mendizabalen kontra jokatuko dute. Bigarren partiduan, Unai Alvarezek eta Ioritz San Sebastianek Jagoba Yubero eta Aitor Gorrotxategiren kontra. Bertsotan, berriz, Iñaki Zelaia eta Jexux Mari Irazu arituko dira. Ondorenean, bazkaria izango da Santa Barbara elkartean

  • 27 Baserri Hernanin Hernanin 27 baserri daude beren bizibidea baserriko lanetik ateratzen dutenak.
  • 9 baratzera eta 8 esnetan Esplotazio gehienak baratzera eta esnetara dedikatzen dira. Bederatzi dira erabat baratzagintzan dabiltzanak. Zortzi esne produkzioan dabiltza. Beste zortziek baratza eta ikuiluak biak egiten dituzte. Azkenik, bi ardi esplotazio daude Hernanin. Gaur egunean 180 baserri daude eta terrenoa duten etxeak eta baserri zaharren ondoan egindako berriak kontatuta, 235 dira denera.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!