ISURI kimiko baten aurrean abisua emateko jarritako sirenak ez dira Hernani herrigunean entzungo, baizik eta larrialdi eremuan (Ereñotzutik Eziagora bitartean). Horrela adierazi zuten joan den asteazkenean, Jaurlaritzak diseinatutako larrialdi plana aurkezteko Udaletxean izandako hitzaldian.
Zehazki, larrialdi eremuan dauden enpresak deitu zituzten hitzaldi hartara eta bertan azaldu zutenez, enpresa horietako arduradunek hainbat neurri hartu beharko lituzkete larrialdi kimiko baten aurrean: SOS Deiak-ekin kontaktuan jarri eta lantegian zenbat langile dauden adierazi; larrialdi plana aktibatu; aire sistemak deskonektatu; konfinamendu gune bat sortu, eta abar.
Simulakroak eta panelak
Jaurlaritzak martxan jarritako kanpainaren barruan informaziorako materiala banatuko dute herritarren artean eta horretaz gain, panel fijoak jarriko dituzte kalean eta baita eraikin barrualdeetan ere.
Bestalde, simulakroak egingo dituzte sirenekin, herritarrak haren soinua ikasi dezaten eta aparatuak ondo daudela konprobatzeko. Hala ere, simulakroa egin aurretik herritarrei jakinaraziko zaie prentsa bidez. Hitzaldian azaldu dutenez, web gune bat diseinatzen ari dira kanpaina honen inguruan.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!